Irungo hilketa matxista salatzeko bost minutuko isilaldia deitu dute
Berdintasun Kontseiluak eta udalak dei bateratua egin dute atzoko hilketa matxista salatzeko. San Juan plazan elkartuko dira gaur, osteguna (hilak 6) 19:00etan.

Irungo Udalak “gaitzespen gorena” adierazi du 47 urteko gizon batek burututako hilketa matxistaren harira. Sumindura sakona azaldu dute eta emakumeen aurkako indarkeria guztiak bere osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasotzat jo ditu. “Giza eskubide guztien urraketa larri eta onartezina da”, zehaztu dute.
Udalak, indarkeria matxistaren aurrean udalak eskura dituen baliabideak eskaini dizkie biktimaren senideei eta gertuko inguruneari. Halaber, bost minutuko isilaldia egiteko deia egin du Berdintasun Kontseiluarekin batera. Gaur elkartuko dira San Juan plazan, 19:00etan.
Indarkeria matxista guztiak salatzera irtengo dira eta horiek erabat gaitzestera. Mezu zuzena igorriko diete herritarrei: “herritarrei gogorarazten diegu gure gizartean emakumeen eta gizonen arteko indarkeria matxista guztiak oraindik nagusi diren desberdintasunaren adierazpen direla eta udal hau horren aurka dagoela”.
Udalak gizarte “bidezkoagoa” eta”berdintasunezkoagoa” lortzeko konpromisoa erakutsi du eta hura berresteko hitza hartu du. Horretarako, bere eskumenen barruan dagoen eta indarrean dagoen legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeria guztien aurkako politika aktiboak, integralak eta koordinatuak garatuko dituzte.
Gizarte osoari egin die dei udalak indarkeriaren aurkako borrokan “zeregin aktiboa” izatera. Zehazki, emakumeen aurkako edozein indarkeria adierazpen ez dela onartu behar azaldu dute, ez dela isilik egon behar eta babesa erakutsi behar dela indarkeria jasan dutenei. “Azken batean, banakako eta taldeko erantzukizuna hartu behar dugu eraso matxisten aurrean”, erantsi dute.