Cristina Laborda: "Irun doluan dago"
Bost minutuko isilunea egin dute San Juan plazan, atzoko hilketa matxista gaitzesteko. Alkateak "familia barruko" hilketa "indarkeria matxista" dela nabarmendu du.

Atzoko hilketa matxista salatzeko bost minutuko isilunea egin dute gaur San Juan plazan. Irungo Udalak eta Berdintasun Kontseiluak egindako deia izan da. Udalak “irmo” gaitzetsi ditu erailketa eta indarkeria matxista. Arratsaldean kaleratu duten adierazpen instituzional bateratuan jaso dute gaitzespena.
Cristina Laborda alkateak Irun “doluan” dagoela adierazi du, eta familiari bere babesa eman diola publikoki helarazi nahi izan du. “Familia lur jota eta unerik txarrenetan da. Beraz, lehenik eta behin, nire babesa eta elkartasuna erakutsi nahi diet”, esan du. Bere ondoan izan dira duela astebete Berdintasun ordezkari izendatutako Maite Cortina (EAJ), Gorka Alvarez, EAJko bozeramailea eta bigarren alkateordea, eta Nuria Alzaga alkateordea (PSE-EE). Elkarretaratzean izan dira ere Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta.
Atzoko hilketa matxista “familia barrukoa” izan dela zehaztu du alkateak, eta “indarkeria matxista” kasu bat izan dela nabarmen jarri du. “Gure gaitzespena erakutsi nahi dugu indarkeria matxista ororen aurrean”, gaineratu du. Segidan, biktimaren familiarekiko “enpatia, solidaritatea eta batez ere errespetua” eskatu ditu. Irungo Udalak dituen baliabideak familiari eskaini dizkiola adierazi du agintariak.