EAJk Udalaren aurrekontuari ekarpenak egin dizkio
Hondarribiko Udalaren aurrekontua inoizko handiena den arren herritarren eskaerei ez diela erantzuten adierazi du Hondarribiko EAJk.
EAJk jakinarazi duenez, Hondarribiko Udalaren 2025erako aurrekontua 33 milioi eurotik gorakoa izango da, “inoizko aurrekonturik handiena”. Aurrekontuan hiriak beharrezko dituen inbertsioren bat aurrera eramango dela aitortu dute jeltzaleek, baina urteetako lanketa duten proiektuak dira, besteak beste, Arrantzale auzoaren berrurbanizatzea.
Aurrekontuak herritarren beharrak ez dituela asetzen nabarmendu du EAJk. Etxebizitza eskuratzeko aukera da hondarribiarren eskaera nagusietako bat, baina jeltzaleek diotenez aurrekontuan ez dago irtenbiderik jasota. Aurrekontuak ez du HAPOren garapenerako aurrerapausorik proposatzen.
Deigarria iruditu zaie tokiko merkataritza sustatzeko jardueretarako aurrekontua murriztu izana, eta ez da horren ordez tokiko merkataritza dinamizatzeko ekimenik aurreikusi.
Tasa eta zergak igotzea jasotzen du aurrekontuak. Gobernu-taldeak inbertsioak une honetan sartzeak herritarrei ahalegin handiagoa eskatuko diela uste du Hondarribiko EAJk.
Aurrekontu proposamen honi 40 ekarpen egin dizkio EAJk, herritarren eskaerei eta hiriaren garapenari erantzuteko asmoz. Ondoko bederatzi arloetan sailkatu dituzte 40 ekarpenak : etxebizitza, mugikortasuna, ekonomia, hurbileko gizarte-zerbitzuak, Hondarribia bizirik!, Hondarribia atsegina eta lagunkoia, nortasuna eta ondarea, ingurumena eta iraunkortasuna eta Udala modernizatzea.