Biltzen hasi dira, festa parekidea egiteko
Poztasuna, harrotasuna eta festa giroa Urdanibia plazan desfilea hasi aurretik. 10:20an ekingo dio bideari Alarde Parekideak.
Txapel gorriz betetzen hasi da Urdanibia plaza. Alarde Parekideko emakume eta gizon soldaduak, eta segizioak bere dituen karguetako kideak dira. Auzoetan euren zereginak bete ondoren, Irungo epizentro historikoan hasi dira batzen hiriko egun handia izango denaren protagonistak. Pozik, harro eta festa gogoz. Hala dira handi diren zientoka irundarrak. Eguraldi goibelarekin esnatu da Irun, baina antza, ez du euririk egingo. Berdintasunaren izpiek goratuko dute festa giroa. Goizean zehar Alarde Parekidearen jarraipena egingo du HITZAk.
10:20ean egingo du arrankada, San Martzial kalean, Alarde Parekideak. San Juan plazara igo, eta han lagunarte guztien ikuskapena egingo du Maite Bergara jeneralak. Harrera izango du udaletxean:. Iazko argazkiaren antzekoa espero da. Hau da: udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideek egingo diote oles, bigarren urtez jarraian, parekideari. Lehenengoz izatekoa da bertan alkate gisa Cristina Laborda, iaz Jose Antonio Santanok egindako urratsarekin fidel. Besteak beste, Eider Mendoza ahaldun nagusia, Emakundeko nahiz Arartekoaren ordezkariak, eta herrialdeko beste kargu politiko eta sozial gehiago espero dira udaletxearen agertoki nagusi horretan.
Alarde Parekideak aurten ere alarde publiko eta bakarra eskatu du. Eskaerari entzungor egin diote herriko etxe nagusitik beste behin. Oraindik ere keinuen aroan omen. 1997tik ari da alarde ez baztertzailea hiriko kaleetan, festa girotik, emakumeen presentzia aldarrikatzen eta bermatzen. Keinuak bai, baina urrats lotzaile eta behin betikorik ez ordutik.
Ondokoak, goizeko Urdanibia eta Mosku inguruko hainbat irudi.