2.240 bihotz parekideri harrera zabala, baina harrera soilik
Iazko argazkia ia-ia erabat errepikatu da udaletxeko balkoian: harrera zabala izan du Alarde Parekideak. Hiriaren ikurra jaso du Bidasoa konpainiak.
Iaz zabaldutako bideak segida izan du gaurkoan. Ordezkaritza politiko zabal batek egin dio harrera Alarde Parekideari. Iazko argazkia, hainbat izen-abizen aldatu badira ere, errepikatu egin da. Irungo alkateak, udalbatza osatzen duten kolore politiko guztietako kideak, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Batzar Nagusietako ordezkariak, nahiz hainbat legebiltzarkideren agurra jaso du alarde ez baztertzaileak. Emakunde eta Arartekoa ere hiriko balkoi esanguratsuenean (gaur batik bat) izan dira emakume eta gizon soldaduen ikuskapenean. Gainera, inguruko herrietako hainbat kargu politikok ez dute galdu festa berdintasunean bizi dutenei oles egiteko aukera. Argazkia esanguratsua izan da, baikorra. Keinua. Ez erabateko keinua, ordea: EAJko, PSE-EEko eta PPko ordezkariek kasu egin diote alarde baztertzaileari.
Gaurko keinu harago joan nahiko lukete, ordea, Alarde Parekidearen ordezkariek. Alarde publiko bakarra nahi dute. Instituzioen jarrera horren emankortasun urriaz ohartarazi dute Alarde Parekidearen antolatzaileek: “Etortzen dira udaletxeko balkoira, ekitaldi horretan parte hartzen dute, baina gero ez dute ezer egiten”. Sentipen hori dute. Dena dela, bidea egiten jarraituko dute gaur Irungo kaleetan festa giroan, eta behar den guztietan urtean zehar. Gaurkoan 2.240 izan dira bide hori txapel gorriarekin egiten ari direnak.
Irungo Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek eta hautetsiek egin diote harrera Alarde Parekideari: Cristina Laborda alkateak (PSE-EE), Xabier Iridoik (EAJ), Oihana Brionesek (EH Bildu) Iñigo Manriquek (PP) eta David Nuñok (Elkarrekin Podemos-IU). Udal gobernuko kideak ere (denak PSE-EEkoak) izan dira udaletxeko balkoian.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari bezala Eider Mendoza ahaldun nagusia (EAJ), Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea (EAJ) eta Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatua (PSE-EE) izan dira. EH Bilduren ordezkari foru batzarkide Maddalen Iriarte, nahiz Oihana Etxebarrieta eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak izan dira, baita, besteak beste, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea ere. Elkarrekin Podemoseko kideen artean Pilar Garrido Euskadiko koordinatzaile orokorra, Miren Etxebeste foru batzarkidea izan dira. Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta harreran izan da, baita Manu Lezertua Arartekoa ere. Sumarrek ere eduki du presentzia, Jon Hernandez legebiltzarkidea udaletxeko atarian izan da.
Harreraren ondoren, Thania Pazos zinegotziak Irungo bandera eman dio Bidasoa konpainiako Iker Monterori udaletxearen atarian. Urduri, harro, emozioz jaso du hiriaren ikurra. «Gora Irun! Gora San Martzial! Gora Alarde Parekidea», oihukatu du banderadunak. Txalo zaparrada, desfilean zeudenenak, nahiz balkoitik sotora jaitsi diren ordezkari politikoenak. Bitartean, konpainietako kideen aldarria San Juan plazan: “Emakumeak alardean!”.
Balorazioak eta erreakzioak jasotzen eta lantzen ari da HITZA. Aurrerago publikatuko ditu webgune honetan. Gainera, bertako argazki galeria zabala nahiz laburpen bideoa ere zabalduko du hedabide honek.
Jarraian, Bidasoa konpainia udaletxeko arkupeetan sartu deneko bideoa, hiriko bandera jasotzera.