Emakumeen eskubaloia eta inklusioa, San Martzial Eskubaloi Txapelketan
Larunbatean emakumeen sei taldek festetako txapelketa izango dute jokoan, Txingudi Eskubaloiak antolatua. Eskubaloi egokitu partida, 18:00etan.
Txingudi Eskubaloiaren emakumeen taldea. Larunbatean (hilak 8) jokatuko dute San Martzial Senior Nesken III. Txapelketa Artaleku kiroldegian. Emakumeen sei eskubaloi taldek parte hartuko dute, baina kirol egokiturako tartea ere izanen da, eskubaloi egokituarentzat tartea ere izango delako lehiaketaren barruan. Txingudi Eskubaloiak antolatu du txapelketa, “Irun eskubaloiarekin lotura estua duen hiria izanik, emakumeen eskubaloia sustatu eta ikusarazteko”.
Emakumeen txapelketari dagokionez, bi taldetan banatuko dituzte sei taldeak. Lehenean etxeko Txingudi Zubieder, Errenteria-Oreretako Erenintza Beissier, eta Durangoko Ibaizabal izango dira; bigarrenean Zizur Nagusiko (Nafarroa) BM Ardoi, Hendaiako (Lapurdi) Stade Hendayais, eta Eibar B taldeak. Hala, multzo bakoitzean ligaxka jokatu ondoren iritsiko dira kanporaketa zuzenak: talde bakoitzeko hirugarrenek 5. eta 6. posturako partida jokatuko dute; bigarrenek 3. eta 4. tokiak erabakiko dituena; eta lehenek txapela emango duena.
Ligaxkako partidak 09:30ean hasiko dira (ohikoagoak baino motzagoak izango dira), eta 14:00ak arre iraungo dute. Orduan bazkaltzera joango dira jokalariak, eta arratsaldean (16:00etatik) jokatuko dira behin betiko postuak erabakiko dituzten norgehiagokak. Finala 19:00etan izango da, eta ondoren, sari banaketa.
Eskubaloi egokitua
Nesken txapelketaz gain, eskubaloi egokituko partida izango da. 18:00etatik, etxeko talde den Txingudi Echemarrek eta Errenteria-Oreretako Ereintza Eskubaloiak lehia izanen dute. Bi taldeak mistoak dira, eta 30 bat kirolari dira bertako partaide. Aniztasun intelektuala duten kideek osatzen dituzte. “Sasoi honetan proiektu hau landu dugu, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioarekin eta Kirol Egokituen Federazioarekin elkarlanean. Inklusio sozialerako tresna da”.

Txingudi Eskubaloiaren kirol egokituko taldea.

