Iker Arozena, Espainiako txapeldun
7,66 metroko jauziarekin irabazi du urrea hondarribiarrak. BATeko beste kirolariek ere maila bikaina erakutsi dute Ourenseko txapelketan.
Ouresensen (Galizia) izan da jokoan asteburuan Espainiako Pista Estaliko Txapelketa. Bidasoa Atletismo Taldeak (BAT) hainbat kirolari izan ditu han klubaren koloreak defendatuz. Soilik defendatu baino gehiago, horietako batek gorenean utzi ditu Bidasoko taldearen koloreak: Iker Arozena hondarribiarra Espainiako txapeldun izan da luzera jauzian, urrea harentzat. 7,66 metroko jauzi batek eman dio podiumaren koska gorena, Fabian Mesa eta Ferran Ramirez atzean utziz. “Txapelketa oso erregularra egin du Ikerrek. Emaitza izugarri ona izan da. Horrela hazten jarraituko du”, adierazi dute BATeko kideek. Lehen aldia da Absolutu Mailan urre hori lortzen duela. Iaz, urre izan zen 23 urtez azpikoen kategorian.
Beste hainbat ordezkari izan zituen BATek Ourenseko estalpeko pistan. Esaterako, Elena Martin Espainiako zazpigarrena izan zen 1.500 metroko proban; finalean izan zen, beraz. Victoria Briso, berriz, proba konbinatuan (bost espezialitate batzen dituen puntukako proba) zortzigarren izan zen; eta Lorena Vives finalera sailkatzetik hurbil izan zen pertika-jauzian.
Carla A Ramirezen lana ere aipatzekoa da. 17 urterekin, ia-ia finalera iritsi zen 60 metrotako proban. 20 urtez azpikoen Espainiako Txapelketan emaitza ona lor dezakeela uste du BATek. Carla Olaskoaga 200 metrokoan izan zen parte hartzen, eta orotara 16. postura iritsi zen. Top 20ean ere izan zen Malen Ramirez, haren kasuan 60 metroko hesien lasterketan 17. izan zelako. Azkenik, Irune Muguruza 20. izan zen 400 metrokoan.
Jaurtiketak
Ourensekoaz aparte, asteburuan izan dira lehia gehiago. Tartean, Distantzia Luzeko Jaurtiketen Euskadiko Txapelketa, Durangon (Bizkaia).
Uzuri Martiarenak 16 urtez azpikoetan urrea eskuratu zuen disko jaurtiketan, 27,25 metroko markarekin. Martiarenak beste metal bat eskuratu zuen, xabalina botatzen bigarren izan zelako 29,55 metroko markarekin. Diskoan Olatz Elizasu zilarra izan zen Uzuri Martiarenaren atzetik, eta gizonetan, Anartz Alonso laugarren izan zen diskoan (20.13 metro).
18 urtez azpikoetan, Oihana Amado zilarra izan zen xabalina jaurtiketan (28,70 metro), eta 20 urtez azpikoen mailu botatzean, berriz, Unax Eraso txapeldunorde izan zen 48,85eko jaurtiketarekin.