Larunbatean, Elkarrekin Podemosen jardunaldi errepublikarra
Ekitaldi politikoa, ibilbidea eta mahai-ingurua egingo dituzte egunean zehar. Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak parte hartuko du.
Elkarrekin Podemosek jardunaldi errepublikarra egingo du bihar (larunbata) Irunen. Ekitaldi politikoa eta Bigarren Errepublikan nahiz ondorengo errepresio frankistan hirian esanguratsu izan ziren tokietatik ibilbide gidatua egingo dituzte, baita mahai-inguru bat ere. Ekitaldi politikoa 11:00etan izango da, Gal estadioaren kanpoaldean; kontzentrazio esparru gisara erabili zuten eremu hori. Jardunaldia Errepublikari eta 1936ko gerrari buruzko jarduera programa baten barrukoa da. Zikloak martxoan izango du jarraipena, emakumeak protagonista izango dituen hitzaldi batekin.
Ibilbidea 10:00etan hasiko da Zabaltza plazan. Bidearen erdialdean ekitaldi politikoa izango da, Galekoa: Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak hitz egingo du. Aduana kalean bukatuko dute ibilbidea, handik hurbil den Pequeña Velocidad izeneko eraikinean: Gipuzkoan zutik dagoen kontzentrazio esparru bakarra da.
Ibilbidea bukatzean, Pikoketa aldera joango dira. 13:00ak aldera hango hobi komunean lore eskaintza egingo dute. Han, tropa frankistak fusilatu zituen 13 pertsonaren gorpuzkiak daude, 1936ko abuztuaren 11n hildakoak, “demokrazia eta balio errepublikarrak defendatzeagatik”, alderdi moreko kideek zehaztu dutenez.
Jardunaldiak arratsaldean izango du jarraipena. 17:30ean, mahai-ingurua egingo dute Marcha Republicana del 16 de Junio lantaldeko PIlar Garrido, Rafa Matoral eta Teresa Junquera kideek, Thania Pazos Elkarrekin Podemosen zinegotziaren gidaritzapean.