Euskal Liburu eta Disko Azoka, zabalik jada
Gaur goizean zabaldu dituzte bederatzi postuak. Besteak beste, Durangoko Azokako azken berritasunak izango dira salgai, %10eko deskontuarekin.
Zabalik da Euskal Liburu eta Disko Azoka, gaur goizean zabaldu dituzte Arrantzale auzoan jarritako bederatzi postuak. Gaur egin dute irekiera ofiziala eta bertan izan dira, besteak beste, Ortzi Alonso zinegotzia, Kote Guecara udal liburuzaina, Karmelo Goikoetxea Euskara teknikaria eta Maddi Carton teknikaria.
Goiz zein arratsaldez izango da zabalik itxuraz txikia dena baina edukiz erraldoia den azoka, igandera bitarte (hilak 17). Goizeko ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da eta arratsaldekoa berriz, 17:00etatik 20:30era. Bertan, besteak beste, Durangoko Azokako berritasun nagusiak izango dira salgai, %10eko deskontuarekin gainera.
“Denon helburua euskara eta oro har kultura sustatzea da, eta horretan jarraituko dugun uste osoan nago. Eskerrak eman nahi dizkiet udal teknikariei egin duten koordinazio langatik”, esan du aurkezpenean Ortzi Alonsok, udalaren izenean.
Honakoek izango dute postua azokan: Erein argitaletxea, Elkar argitaletxea, Gure Liburuak liburu denda, Jakinbide liburu denda, Zabaltzen banatzailea, Ttarttalo argitaletxea, Txalaparta argitaletxea, Elkar Diskoa eta Arma Plaza fundazioa.
Azokari lotuta, bestelako ekintza eta ekitaldiak ere antolatu dituztela gogorarazi dute gaurko aurkezpenean. Gaur (hilak 14), 19:00etan, Black Is Beltza II Ainhoa filma eta Bidasoa 2018-2023 dokumentala proiektatuko dituzte Itsas Etxean. Bihar (hilak 15), berriz, Baloreak liburuaren aurkezpena egingo dute liburutegian, 18:00etan. 19:00etan Pink Fluid taldeak dantzan jarriko du Itsas Etxea. Azkenik, etzi (hilak 16), Bordari Satarka literatur lehiaketaren sari banaketa egingo dute Arrantzale auzoan (12:00etan), eta ondoren (12:30ean), Moby Dick liburuaren euskarazko bertsioa aurkeztuko dute Hermandadean.