Estitxu Ortolaizen 'Hondarribiko sareak' liburua aurkeztu dute
Hondarribiko saregile, arrantzale eta baserritarrekin izan da azken urteetan Ortolaiz, argazki kamerarekin euren egunerokoa jasotzen. Joana Otxoteko kazetariak hitzak jarri dizkie irudi horiei.
Urte hasieran kaleratuko bada ere, Estitxu Ortolaiz hondarribiarrak jada bere azken liburua du esku artean. Hondarribiko sareak izeneko liburua aurkeztu du gaur Arrantzale auzoko azokan, bidelagun eta liburuko protagonistez inguratuta. Hondarribiko saregile, arrantzale eta baserritarrekin izan da azken urteetan Ortolaiz argazki kamerarekin euren egunerokoa jasotzen. Irudi ikusgarriak bildu ditu lan honetan.
Ortolaizek azaldu du 2018an abiatu zuela proiektua Goio Uriarterekin batera, azken honen arabera, “herriak duen ondare ukiezin hori jaso eta etorriko direnei erakusteko” asmoarekin. “Liburuak herriaren arima jasotzen du, primeran islatzen du hori”, esan du Uriartek.
Estitxuk eskerrak eman dizkie argazkietako protagonista guztiei: “Sare konpontzaileekin hasi nintzen, sekulako harrera egin zidaten, primeran pasa nuen. Ikusi nuen haien lana zeinen gorra zen, zeinen bakartia eta zer nolako talde lana dagoen. Arrantzaleekin egon nintzen gero. Betidanik kuriositatea izan dut jakiteko zer gertatzen den itsasoan, familia arrantzalea izan baitut. Lan polit bezain gogorra da, zoragarria. Eta azkenik nekazariekin izan nintzen. Haien lana oso polita iruditu zitzaidan, baina oso gogorra. Lurrarekin duten lotura hori ederra da”, esan du argazkilariak.
Irudi horiek laguntzeko Joana Otxoteko kazetariaren laguntza izan du Ortolaizek, hark jarri dizkio testuak irudiei. Kazetaria ere herriko sare konpontzaile, baserritar eta arrantzaleekin izan da, haien errealitatea jasotzen. Gaurko aurkezpenean adierazi duenez, Ortolaizen argazkiei “marko xume” bat eskaini nahi izan die. “Idatzi ditudan testuen oinarria hainbat gizonek eta emakumeek nirekin partekatutako esperientziak dira. Haiei ere eskerrak eman nahi dizkiet eskuzabaltasun horregatik. Testu guztiek amankomunean dutena da denek Hondarribiaz hitz egiten dutela, Hondarribiaren izaeraz, Estitxuren argazkiek bezala”, esan du.
Testuak gaztelaniaz egin ditu kazetariak, eta Aritz Enparan arduratu da euskarara itzultzeaz. “Joanak egindako testu zorgarriak dira. Estitxuk testu horiek euskara ekartzea eskatu zidan, baina Hondarribiko hizkerara. Berehala konturatu nintzen ez zirela nolanahiko testuak, ez zela ipuin bat, zen edozein hondarribiarri gertatu zaion bizipenak jasota zeudela testu horietan. Ez dut itzulpena bere horretan egin, egin dudana gehiago izan da nire bizipenak kontatu Joanaren hitz zoragarrien bitartez. Asko gozatu dut Joanaren testuak irakurtzen”, esan du itzultzaileak.