URAMUGA, mugaz gaindiko eremuetan uraren zikloa optimizatzeko
Proiektu honetan hainbat ekintza aurreikusi dituzte, "uraren zikloaren gobernantza eta kudeaketa partekatua hobetzeko eta elkarlaneko saneamendu sistemak indartzeko".
Bidasoa ibaia Txingudiko Zerbitzuak-ek URAMUGA izeneko proiektua aurkeztu berri du, Ipar eta Hego Euskal Herriko mugaz gaindiko eremuetan “uraren ziloa optimizatzeko” helburuarekin abiatutakoa. Bereziki saneamendu azpiegitura partekatuak dituzten eremuetan eragin nahi dute, besteak beste, Txingudiko Badian.
Bidasoan partekatzen diren instalazioen “konplexutasunari” heldu nahi dio egitasmoak, Txinzer-eko iturrien arabera, “mugaren alde batean bildutako ura bestean garbitzen baita”. Helburu hori lortzeko, hainbat ekintza aurreikusi dituzte “uraren zikloaren gobernantza eta kudeaketa partekatua hobetzeko eta elkarlaneko saneamendu sistemak indartzeko”. Mugaz gaindiko lurraldean ur-hornidura ziurtatzea ere proposatzen du egitasmoak, “dauden sareak hobetuz eta sareak hornitzeko eta elkarrekin konektatzeko aukera berriak aztertuz”.
Plan honek 3.627.435,74 euroko aurrekontua izango du eta horietatik Txinzer-ek 935.835,13 euro jarriko ditu.
Lanak datorren urte hasieran abiatuko dituztela aurreratu dute. Egitasmo honekin Txinzer-ek “jasangarritasunarekin, mugaz gaindiko lankidetzarekin eta eskualdeko uraren kudeaketaren etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa berretsi” nahi dute.

