Lurraldebusek E21 linea indartuko du astelehenetik aurrera
Hondarribia, aireportua eta Donostia lotzen dituen autobusak zerbitzua indartuko du hilaren 22tik. Aireportutik abiatzen diren bidaietan autobus gehigarri bat jartzea aurreikusi dute.
Hondarribia, aireportua eta Donostia lotzen dituen E21 linea indartuko dutela jakinarazi berri du Lurraldebusek. Datorren astelehenetik (hilak 21) aurrera indartuko dute zerbitzua. Hala, aireportutik 8:00etan eta 8:40ean (astelehenetik ostiralera) eta 11:05ean (larunbatetan) abiatzen diren bidaietan autobus gehigarri bat jartzea aurreikusi dute.
Errefortzu horiek aplikatu ond0ren baloratuko dute bestelako neurririk beharrezkoa izan ote daitekeen, “Lurraldebusen zerbitzuak are gehiago egokitzeko erabiltzaileen beharretara, betiere hiriarteko garraio publikoko foru zerbitzuak egindako etengabeko analisiaren arabera”, diote Lurraldebuseko iturriek.
Neurri hau Mugikortasun Departamentuaren eta Hondarribiko Udalaren arteko lankidetzari esker izan da. Igor Enparan alkateak positiboki baloratu du neurria, “izan ere, aireportuko hegaldien hazkundeak eragin negatiboa izan du Hondarribiko herritarrek jasotzen zuten zerbitzuan”. Erantsi du E21 linea dela Hondarribia eta Donostia lotzen dituen bakarra, eta beraz, ziur da “autoa gutxiago erabiltzea ekarriko duela, garraio publikoaren mesedetan. Zalantzarik gabe, hobekuntza hori aurrerapauso bat da hiriarteko mugikortasun jasangarria sustatzeko”.
Zerbitzu berriaren gaineko informazio eta xehetasun gehiago lotura honetan edota 900 300 340 telefono zenbakira deituta kontsulta daitezke.