Artiako futbol zelai berritua, prest
Jose Antonio Santanok zelai berritua bisitatu zuen atzo. Hiru hilabeteko lanen ondoren "inoiz ez bezalako itxura" duela esan zuen.
Artia auzoko futbol zelaia berritzeko obrak bukatu dira, entrenamenduak eta partidak jasotzeko prest dago. Bertan egindako entrenamendu batean izan zen atzo (hilak 16) Irungo alkate Jose Antonio Santano, eta aitortu zuen “inoiz ez bezalako itxura” duela zelai berrituak.
Iragan otsailean erabaki zuen tokiko gobernu batzordeak zelaiko soropil artifiziala berritzeko kontratua, (374.288,09 eurokoa) Aurreko agintaldian ekin zitzaion jarduketari, maiatzaren 15ean hain zuzen, eta hiru hilabetez luzatuko dituzte lanak.
Alkateak atzoko bisitan esan zuenez, “Artiako zelaiak horrelako jarduketa bat behar zuen hiriari zerbitzu on bat ematen jarraitzeko, batik bat bertan partidak eta entrenamenduak bertan egiten dituzten klubei dagokionez”.
Lanei erreparatuta, honako inbertsioak egin dituzte: babes sareak, zelaiko altzariak eta soropil artifiziala kendu; zelaiaren planimetria zuzendu; zolata berri bat eraiki aulkien eremuan; soropil artifiziala berritu; babeserako sare, ate eta aulki berriak jarri; babes elementuak instalatu perimetroko horman; urak biltzeko saretak berri; eta ate leihoetan babesgailuak jarri.