Bihar, larunbata, Gipuzkoako Ligako azken jardunaldia lehiatuko dute Hondarribian. Igandean, berriz, Gipuzkoako Txapelketa ospatuko da.

Bihar, larunbata, Gipuzkoako Trainerila Ligako laugarren jardunaldia lehiatuko dute Hondarribian. Biharkoa ligako azken jardunaldia izango da. Era berean, igandean Gipuzkoako Trainerila Txapelketa ospatuko dute, Hondarribian ere.
Emakumezkoei begira, lehia bizia espero da biharko jardunaldian Hondarribia eta Tolosaren artean, bi horietatik aterako baita Ligako txapelduna, aurreikuspen guztien arabera. Gizonezkoen kasuan, ordea, buruz buruko nagusia Hondarribia eta Orioren artekoa izango da. Estropada binakako erlojupeko modalitatean lehiatuko dute, goizeko 10:30etik aurrera.
Igandean, ordea, goizeko 11:00etan abiatuko dira Gipuzkoako Txapelketan ariko direnak. Lau kaletako txandetan jokatuko dute, lau txandetan banatuta: lehendabizi gazteak abiatuko dira, Federazio trofeoa ondoren, AB Mailako emakumezkoak hirugarrenik, eta AB Mailako gizonezkoak bukatzeko.
Arraunlariek eguraldi gogorrari egin beharko diote aurre. Metro eta erdiko olatuak espero dira astebururako, baita ipar mendebaldeko haize bortitza ere.