Parte hartzaileek apirilaren 11tik 21era bitartean izango dute lanak Amaia Kultur Zentroan aurkezteko aukera.

Sanpedro eta sanmartzialetako kartel lehiaketa antolatu du Irungo Udaleko Kulktur arloak. Parte hartzaileek apirilaren 11tik 21era bitartean izango dute lanak Amaia Kultur Zentroan aurkezteko aukera. Azken urteetako ildoari jarraituz, profesionalek osatutako batzorde artistiko batek hasierako aukeraketa bat egingo du aurkeztutako lan guztien artetik. 40 kartel baino gehiago aurkezten badira, bostetik hamar lanera bitartean sartuko dira finalean. Aurkeztutako lanak 40 baino gutxiago badira, bost helduko dira finalera.
Azken fase horretara iristen direnen artetik herritarrek hautatuko dute irabazlea euren bozken bidez.
Kartel irabazlearen egileak 1.200 euro poltsikoratuko ditu; halaber, 300 euroko accesita ere emango du udalak.
Lanek betebeharreko baldintzak ere zehaztu ditu Kultura arloak. Hala, paperezko euskarrian aurkeztu beharko dira horiek, 70X50 zentimetroko formatu bertikalean, eta kartelaren neurri bereko euskarri zurrun batean muntatu beharko dira. Paperean ez ezik, USB memoria batean ere entregatu beharko dute irudia parte hartzaileek, JPG edota PDF formatuarekin eta bereizmen ezberdineko bi irudi gehitu: 300 ppp-ko bat, 70X50 zentimetrokoa inprimategira bidaltzeko,m eta bereizmen txikiagoko bat, webgunerako.
Lana sortzeko teknika librea da.
Kartelean nahitaez Irun San Pedro-San martzial 2023 Ekaina-Junio testuak azaldu beharko du, azkenik.
Lanak entregatzeko ordutegia asteartetik larunbatera bitartean 18:00etatik 21:00etara izango da, eta igandeetan 11:30etik 13:30era. Astelehenetan eta Aste Santuko oporretan itxita egongo da Amaia KZ.
Elkarteen parte hartzea
Jaietarako jarduera proposamenak bidaltzeko epea zabaldu duela jakinarazi du, bestalde, Kultur arloak, eta beraz, Irungo entitate eta elkarteek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez helarazi ditzakete.