Hasi dute greba mugagabea udal garbitzaileek
ISS enpresak negoziatu nahi ez izana eta biltzeko epeak luzatu izanak salatu dute garbitzaileek. Datorren hitzordua hilaren 8an edukiko dute hitzarmena berrikusteko.
Greba mugagabea hasi dute udal garbitzaileek, ISS enpresarekin negoziatzeko saiakerak “alferrikakoak” izan eta gero. Ekainaren 29an elkartu ziren lehen aldiz langileak enpresarekin, baina hitzarmena berritzeko proposamenik gabe azaldu zela ISS deitoratu zuten. Orain arte 109 greba egun egin dituzte martxotik, eta udalak ekainaren 14an arrazoia eman zien hitzarmena berritzeari eta enpresarekin biltzeari buruz.
Ekaineko batzarraren ondoren, greba erdian, ISSko negoziatzaileak oporretara zihoala adierazi zuen, eta beraz, geldirik zegoela negoziaketa. “Bai gu, baita PRECOko ordezkaria zur eta lur geratu ginen”. Greba baten erdian ea multinazional batek ezin duen negoziatzeko ordezkaririk bidali galdetu dute garbitzaileek. “Borondatea egonez gero astebetean konpondu daitekeen gatazka da!”.
Hondarribiko Udalak, egoera horren aurrean, enpresari zerbait esan behar liokeela uste dute langileek. Bitartean, ISS-ekin hurrengo bilera hilaren 8an izango dute, baina itxaropenik gabe daudela esan dute grebalariek. Gainera, ELAk salatu du enpresa nahita ari dela gatazka luzatzen lizitazioa izaten jarraitzeko, eta udara honetan zerbitzu minimoak ezartzeko alegatuak prestatu besterik ez dituztela egin salatu dute.
Grebaren eragina udal eraikinetan nabarituko da, hala nola, Talaia ikastetxean eta Panpinot kaleko bulegoan. Talaia ikastetxeko guraso eta familien elkartea kezkatuta dago ikastetxe publikoen garbitasun faltagatik eta horrek eragin dezakeen osasun arazoengatik. Babesa erakutsi diete udal garbitzaileei gurasoek.
Langile publikoak
Udalarentzat lan egiten duten langileak dira garbitzaileak eta azpikontratatuta badaude ere, udalak kontratazioak bere gain hartzeko aukera ere badu, orain gisan beste enpresa bati eskatu gabe.
Hori horrela, Abotsanitzekin hitz egin dutela azaldu du prentsaurrekoan garbitzaileetako batek, eta lanpostuak udalak kudeatuko balitu guztiz, hasiera batean langile berberak mantenduko zirela, baina berriak iristekotan oposizioak egin beharko zituztela azaldu zieten.
Mobilizazioak
Lehen mobilizazioa gaur egin dute 12:00etan udaletxe parean, eta bihar ere berriz ere elkartuko dira ordu eta leku berean. Astelehenean San Pedro kaletik kalejira egingo dute 17:00etan hasita, eta hilaren 7an, berriz, 12:00etan bilduko dira Kale Nagusian. Haiekin bat egiteko deia luzatu diete herritarrei.