Gobernu Batzarrak hainbat kontratu esleitu ditu
Atzo bildu zen udal gobernua, eta bide nahiz obra publikoei dagozkien hainbat erabaki hartu zituen. Albiste barruan, horien xehetasunak.
Atzo, abuztuaren 31, Irungo gobernu batzarra bildu zen, hainbat erabaki eta xedapen lotzeko. Hiru kontratu nagusi hitzartu zituen gobernu batzarrak, batik-bat bide publikoa eta obrei buruzkoak.
Alde batetik, Seguridad de Vitoria y Alava SLU eta Receptora Privada de Servicios de Seguridad SLU enpresek datozen bi urteetan udal eraikinetan suteak detektatzeaz, zein berauek mantentzeaz arduratuko dira. Urtero 24.150 euro jasoko dituzte, eta beste 30.250 izango dira konponketa- eta ordezkapen materialetarako.
Bestetik, obra publikoari dagozkion bi erabaki hartu ziren. Lehenik, 4 Badia Mantentze Zerbitzuak S.L. enpresari “Arkitektura mugak kentzeko obrak. 2022. urtea” kontratua esleitu zaio, 178.125 euroren truke. Obra horietan, oinezkoentzako pasabide batzuk egokituko dira, indarrean dagoen araudiak adierazten duen bezala irisgarriak izan daitezen. Artean, Lekaenea kalean, Pagogaina kalean eta Aiako Harria kalean nahiz Anaka auzoan egingo dira egokitzapenak; baita Pio XII.a plazaren inguruetan ere. Lau hilabeteko epea izango du enpresak aipatu obrak burutzeko.
Bigarrenik, Construcciones Zubieder y Construcciones Mariezcurrena S.L. enpresa “Anakako txaleten inguruko berrurbanizazio proiektuko obrak. 1. Fasea” kontratuaz arduratuko da; hamalau hilabetetan zehar eta bi milioi euro baino gehiagoren truke. Lehenengo fasean, galtzada eta espaloia parekatzeko maila bakarraz gain, argiteria berria eta espaloien zabalpena barnebilduko ditu.
Hartutako erabaki guztien xehetasunak jakiteko, egin klik hemen.