Lau ikastaro berri Emakumeentzako Ahalduntze Eskolaren barruan
Miren Etxebeste ordezkariak bigarren seihilekoko programa aurkeztu du gaur. Antolatu dituzten ikastaro guztietan "osagai fisikoa" txertatzen saiatu direla esan du, "nork bere gorputza eta gaitasunak ezagutzeko".
Irungo Udaleko Berdintasun sailak prest du Ahalduntze Eskolaren bigarren seihilekoko programa, lau ikastaro antolatu dituztela jakinarazi du gaur Miren Etxebeste ordezkariak. Azken urteetan eskolak “jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa” eman duela esanez hasi du gaurko agerraldia. Tailerrek duten doakotasunari ere balioa eman dio, haren hitzetan, “ahaldundu nahi duen edozein emakumek izan behar duelako horretarako aukera, haren egoera ekonomikoa edozein dela ere”.
Antolatu dituzten ikastaro guztietan “osagai fisikoa” txertatzen saiatu direla esan du, “nork bere gorputza eta gaitasunak ezagutzeko” asmoz. “Teoria oso ondo dago, baina harekin batera lan praktikoa egiten badugu, askoz iraunkorragoa eta eraldatzaileagoa izango da geratzen zaigun arrastoa”.
Lehen ikastaroa elikadura eta osasunerako estrategiei buruzkoa da. Hiru modulu izango ditu, “gure organismoaren funtzionamendua osatzen duten hiru sistemen arteko lotura estua ezagutzeko”. Alde teorikotik harago joan nahi dute ikastaro honetan. Dietetika eta nutrizioko goi mailako teknikari Jone Mendartek emango du tailerra, ostiraletan, 17:30etatik 19:30era, Palmera Monteron. Lehen saioa irailaren 23an izango da, eta azkena, urriaren 7an.
Sexualitate kontzientearen ikastaroa da bigarrena, eta honek bidaia bat egitea proposatuko die emakumeei, “emakumeen komunitate batean, geure burua, geure gorputza eta geure sexualitatea modu kontzientean ezagutzeko” asmoz. Espiritualtasuna, maitasuna eta erotismoa landuko dituzte partaideek. Amaia Urieta Garcia mindfullnesean espezializatutako aholkulariak emango du ikastaroa Palmera Montero Gunean, astearteetan (17:30etik 19:30era), irailaren 27tik azaroaren 29ra.
Emakumeek arreta eurengan jartzeko modua irakatsiko du hirugarren ikastaroak, Nire boteregunea izenekoa. Clara Wolfran adituarekin bilduko dira emakumeak, ostegunetan (17:00etatik 19:00etara), Palmera Monteron, urriaren 20tik abenduaren 15era bitarte.
Azkenik, Antzerki Feministaren Eskolako ikastaroa ere antolatu dute aurten. Besteen aurrean sortzeko, antzezteko, nork bere burua erakusteko, iritziak adierazteko eta hobekuntzak proposatzeko tresnak emango dizkiete partaideei. Ana Perez Giraldezek emango ditu klaseak, ostiraletan (18:00etatik 20:00etara), urriaren 21etik azaroaren 25era.
Ikastaroetan parte hartu nahi duten emakumeek helbide honetan eman beharko dute izena, hilaren 29tik azaroaren 25era bitarte.
Autoestimu eta komunikazio positiboa
Aipatutako lau ikastaroez gain, Miren Etxebeste ordezkariak jakinarazi du komunikazio positiboa eta autoestimua lantzeko beste tailer bat antolatu dutela. Taldekako jarduera bat izango da, emakumeek komunikazio positiboa, autoestimua eta ongizate pertsonala landu dezaten. 18 urtetik gorako emakumeek ahalko dute parte hartu. Bi tailer egingo dituzte: asteazkenetan, goiz eta arratsaldez. Ikastaro bakoitzak 12 saio izango ditu, irailaren 14an hasiko dira eta abenduaren 14an egingo dute azkena. Elizabeth Olaskoaga Ezeize aditua izango dute gidari. Lotura honetan sartu beharko dira parte hartzeko.