Jaiei begira segurtasuna indartzeko lanean ari dira udala eta Ertzaintza
Aurtengo jaietan "jarraipen berezia" egin nahi dutela esan du Txomin Sagarzazu alkateak. Jende gehien pilatzen den guneetan dispositibo bereziak jarriko dituzte.
Aste honetan udalak koordinazio bilera bat izan du Ertzaintzarekin, datozen Jai Nagusietako segurtasuna indartzeko abiatuko duten dispositiboaz hitz egiteko. Aurtengo jaietan “jarraipen berezia” egin nahi dutela esan du Txomin Sagarzazu alkateak.
“Bi urtez festarik egin gabe egon ondoren, aurten, beste euskal udalerri batzuetan bezala, segurtasun dispositibo berezi bat egongo da, herritarren segurtasuna zainduko duena, bereziki, jende gehien pilatzen den uneetan”. Dispositiboak areagotuko direla erantsi du alkateak, “kaleak seguruagoak izan daitezen, batez ere gauetan”.
Dispositibo honi lotuta, udala azken asteetan Hondarribia eremu segurua izeneko kanpaina lantzen dabil herrian. Besteak beste, hiriko establezimenduen laguntza bilatzen ari dira, eraso sexistarik gabeko hiri seguru bat lortzeko. Erantzuna “oso arrakastatsua” izaten ari dela diote udaleko iturriek, eta haien asmoa dela datozen jaietan kanpaina hau jai gune guztietara zabaltzea. “Herritarren eta erakundeen konpromisoa inoiz baino garrantzitsuagoa da jaiak errespetuz eta normaltasunez egin ahal izateko”, erantsi du Sagarzazuk.