Etxebizitza hutsen errolda egiteko eskatu du EH Bilduk
Errolda hori ezin dela gehiago atzeratu salatu du taldeak, haien arabera, "etxebizitzaren arazoa hiriaren arazo nagusietako bat" baita. "Lehenbailehen lanean has dadila" eskatu diote udal gobernuari.
Irung0 EH Bildu taldeak eskaera zuzena egin dio udal gobernuari: hiriko etxebizitza hutsen errolda egin dezala. Koalizio subiranistak “ezinbestekotzat” jo du errolda hori egitea, azken hamarkadetako aldarrikapen nagusietako bat dela gogoratu dute.
“Azken urteotan mota askotako arazoak topatu ditugu lanketa hori ez egiteko, hala nola, etxebizitza hutsaren kontzeptuaren zehazgabetasuna, baina Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza arloak 2021. urtean argi berdea eman zion aipatutako errolda egiteari”, esan dute taldekoek.
Lan hau ezin dela gehiago atzeratu erantsi dute, taldekoen arabera, etxebizitzaren arazoa hiriaren arazo nagusietako bat baita, eta “larritasun hau are handiagoa da hiriko gazteena artean”, diote. Horregatik “lehenbailehen lanean has dadila” eskatu diete udal gobernua osatzen duten bi taldeei.
PSE-EErekin lortutako akordioa gogoratu du taldeak, honi esker alokairuko etxebizitzaren parke publikoaren proiektua abian baita. Etxe horietako batzuk eraikitze prozesuan daudela esan dute, tartean, Alarde eremukoak. Etxebizitzaren arazoari irtenbide bat emateko udaletik “ahalegin guztiak” egin beharko direla ere esan dute, esaterako, gazteei diru laguntza zuzenen bitartez, zain dauden eremuetako alokairuko etxebizitzak eraikitzen, eta etxebizitza hutsei beste erabilera bat ematen.