HAPOaren irizpideak eta helburuak berresteko proposamena onartu dute
Hiru orduko ez ohiko osoko bilkura egin zuten atzo arratsean Hondarribiko udaletxean. Atzokoa "axola handiko pausua" izan zela dio Txomin Sagarzazu alkateak: "gaurko egunak aurrera begira jartzen gaitu".
Hiru orduko ez ohiko osoko bilkura egin zuten atzo arratsean Hondarribiko udaletxean. Beste hainbat gairen artean, HAPOaren irizpideak eta helburuak berresteko udal gobernuak aurkeztutako proposamena onartu zuten. EAJren aldeko botoekin atera zen aurrera proposamena. Abotsanitzek, PSE-EEk eta EH Bilduk kontra bozkatu zuten.
Txomin Sagarzazu alkatearen arabera, jeltzaleek hiru arrazoirengatik eraman du gaia plenora: “lehenik Hondarribiak premiazkoa duelako aurreko HAPOa baliogabetu zelako, dokumentua prestatu ahala partekatu dugulako eta hondarribiarrei Plan Orokorraren prozesuak gure jardunean erabateko lehentasuna duela adierazi nahi diegulako”. Atzokoa “axola handiko pausua” izan zela erantsi zuen: “gaurko egunak aurrera begira jartzen gaitu”.
Abotsanitzeko zinegotziek esan zuten “animo eraikitzaileekin” egin zituztela proposamenak, eta honakoa salatu zuten: “Elite batentzat egiten ari da gure hiria, eta arazo handia da hori. Badirudi ez dela momentua EAJ Abotsanitzekin akordioetara heltzeko, eta guk beraz aurka bozkatuko dugu”.
PSE-EE taldeak ere kontra egin zuen atzoko bilkuran, azken proposamen hori aurreko planarekin alderatuta “gutxi aldatzen” dela ondorioztatu baitute, “eta zehaztugabetasuna nabarmentzen da” haien hitzetan. Sozialisten ustez HAPOaren gidalerroak etxebizitza publikoa, lurzoru industriala eta herritarrei arreta ona emateko eska daitezkeen zuzkidurak bermatzera bideratu behar dira, “betiere hiri eraginkorraren eta inklusiboaren ikuspegitik”. Prozesu parte hartzaileago eta gogoetatsuagoa irekitzeko eskatu zuten atzo.
EH Bilduk hausnartzeko eskatu zion EAJri, haiek onartuko baitute bakarrik proposamena, oposizioko taldeek kontra egin duten bitartean. “Ez dugu parte hartzen erabakietan, dokumentua idatzita etorri zaigu eta. Defendatzen dugun eredua bestelakoa da”.
Zaldunborda
Honez gain, Irungo Udalarekin batera Zaldunborda II eremuko Planeamendua Bateragarri egiteko hitzarmenari hasierako onarpena emateko proposamena ere onartu zuten. Abotsanitzek kontra bozkatu zuen, eta esan “alkateak eredu honekin hanka sartze berdina egin nahi duela dirudiela”.
PSE-EE aldiz, alde agertu zen, uste dutelako jarduera ekonomikoa “zabaldu egin behar dela, eta hau aukera bat da eta aprobetxatu egin behar dugu”.
Azkenik, EH Bildu kontra agertu zen. “Ez dugu ulertzen zergatik ari garen halako prisarekin orain. HAPOa eztabaidatzen ari garen honetan halako urgentziarekin aritzea ez dugu ulertzen, eremu guzti hori erregulatzen ari gara eta”.
Azkenik, Talaia Biteri ikastetxearen aurrean dagoen Presako partzelaren xehetasun azterlana behin betiko onartzeko proposamena ere aurrera atera zen. Maria Serrano zinegotziaren arabera, 66 etxebizitza babestu, aparkatzeko 55 plaza eta 260 metro koadroko merkataritza lokal bat eraiki ahal izango dira bertan. EAJ, Abotsanitz eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, eta EH Bildu abstenitu egin zen.