Asteazkenean ez ohiko osoko bilkura egingo dute udaletxean. HAPOaren helburu eta irizpideen dokumentua eztabaidatuko dute taldeek, besteak beste.

Etzi (hilak 23, asteazkena) egingo duten ez ohiko osoko bilkurari begira jarri da Abotsanitz udal taldea, eta bertan egingo dituzten hainbat proposamen aurreratu dituzte. Beste hainbat gairen artean, EAJk HAPOaren proposamen berri bat aurkeztuko du, helburu eta irizpideen gaineko dokumentu hori eztabaidatuko dute ordezkaritza duten taldeek etziko bilkuran. Helburu eta irizpide hauen “koherentzia hobetzeko proposamenak” aurkeztuko ditu Abotsanitz taldeak.
Lehenik eta behin, hedabideei bidalitako ohar batean, etxebizitza publikoen “gabezia” nabarmendu nahi izan dute. 1996ko Arau Subsidiarioa ekarri dute gogora, eta orduan honek gabezia hori arazo bezala jasotzen zuela diote. “26 urte beranduago arazo berdinarekin jarraitzen dugu”. Etxebizitza pribatuen eraikuntza lehenetsi dela erantsi dute, eta egoerak hobera egin beharrean “arazo sakonagoa” sortu dela diote, amorruz.
Etziko bilkurari begira diote “tendentzia hori iraultzeko eta etxebizitza publikoaren egitea bultzatzeko aukera” dutela orain, taldekoen arabera, “HAPOan erregulatu baitezakegu: bertan idatz dezakegu zenbat, non eta noiz”.
EAJ taldeak aurkeztutako irizpide eta helburuen dokumentu horrek “filosofia egokia” izan dezakeela uste dute taldekoek, dokumentu horrek jasotzen baitu etxebitiza babestuaren beharrari erantzun behar zaiola eta ingurumenaren babesa egin behar dela. Halere, taldekoek diote ez datorrela bat dokumentuak berak jasotzen dituen jarduketa programekin. “Honek koherentzia arazo bat sortzen du, jarduketa programa hauek baitira balioko dutenak”.
Dokumentuak ekibide pribatuko etxebizitzei “erraztasunak eta tresnak” ematen dizkiola erantsi dute, eta bestalde, ekinbide publikokoak “eduki gabe” uzten dituela, “ez baitira herritarren beharrak asetzeko eta aspaldiko arazo bat konpontzeko tresnak garantizatzen”. Horrez gain, etxebizitza publikoko betetze araua “minimnoetara” eraman dutela ere salatu dute: “esfortzu handiagoa egiteko baliabideak ditugula uste dugu”.
Hortaz, etxebizitza publikoa lehentasunez egingo dela bermatzea beharrezkotzat jo dute, eta horregatik, lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoruetan sektore bakoitzean dagokion behar adina babes publikoko etxebizitza lehenestea izango da etziko bilkuran proposatuko duten neurri nagusietako bat.
Azkenik, “koherentzia faltaren beste adierazle” batez hitz egin nahi izan du taldeak, Mendelu auzorako aurreikusten dena. Proposamenean jasotakoaren arabera, hainbat jarduketa aurreikusten dira eremuaren berroneratzea eta birgaitzea egiteko. Honek auzoaren “egoera kaskarra denboran luzatzea” dakarrela diote Abotsanitzekoek. Horren harira eskatuko dute Mendeluko iparrerako antolamendu xehetua HAPOan bertan jasotzea, “bizilagunek ezin dutelako gehiago itxaron”.
Aipatutako proposamenetatik harago, etziko bilkuran gehiago egiteko asmoa du taldeak, “helburu eta irizpideei koherentzia emateko asmoarekin”.