Emakumeen Etxea, "gero eta gertuago"
Joan den astean onetsi zituzten lokala gaitzeko lanak. Datozen hilabeteotan ekipamenduaren eta Berdintasun zerbitzu osoaren barneko kudeaketa plana definituko dute, baita ere eraikinak bere ibilbideko lehen urtean izango duen aurrekontua zehaztu.
Emakumeen Etxearen proiektuaren gaineko xehetasun gehiago eman dituzte gaur Miren Etxebeste eta Cristona Laborda zinegotziek, joan den astean lokala gaitzeko lanak onetsi baitzituzten. Istillaga plazako 8. zenbakiko lokalean eraikiko dute, udalaren jabetza den 280 metro koadroko lokal batean. Orotara, 466.690,87 euroko da aurrekontua, eta obrak hasi eta sei hilabetean bukatzea aurreikusi dute. Urbycolan SL enpresari esleitu zaizkio lanak.
Etxebestek etorkizuneko eraikina diseinatzeko hiriko emakumeekin batera landutako prozesua nabarmendu nahi izan du: “Gaur aurkezten dugun proiektua emakumeek partaidetza prozesuan mahaigaineratu zituzten ekarpenen fruitua da eta, arkitektoek berek esan digutenez, prozesuan aurretik egin ziren lehen bi proposamenak baino askoz hobea da”.
Orain proiektuari forma ematen hasiko direla erantsi du. Hurrengo urratsei dagokionez, Etxebestek nabarmendu datozen hilabeteotan ekipamenduaren eta Berdintasun zerbitzu osoaren barneko kudeaketa plana definituko dutela, baita ere eraikinak bere ibilbideko lehen urtean izango duen aurrekontua zehaztu, “obra bukatu bezain pronto inauguratzeko eta ordurako langileak kontratatuta eta aktibo izateko, zerbitzuak prest egoteko eta jardueren egutegia definituta edukitzeko”.
Ezaugarriak
Gaurko aurkezpenean eraikinak izango dituen ezaugarriak aurkeztu dituzte bi zinegotziek. Sarbidea fatxada nagusian egongo dela aurreratu dute. Lokalaren espazio handiena erabilera askotariko aretoa izango da, argiztapen natural hobea eta kalearekiko harreman estuagoa izateko asmoz. Areto honez gain, erabilera askotariko beste aretotxo bat ere egokituko dute, lehenengo honekin lotuta. Harrera gune bat ere izango du Emakumeen Etxeak, eta ondoan, teknikarientzako bulegoa. Bi bulego, liburutegia eta bestelako hainbat ekipamendu ere egokituko dituzte.
Etxebestek gogoratu du orotara hamar partaidetza saio egin dituztela, eta guztira, 63 emakumek parte hartu dutela. Hiriko mugimendu feministarekin eta hainbat gizarte eragilerekin sareak sortu dituztela esan du pozik Etxebestek. Parte hartu duten emakumeak “oso pozik” agertu direla erantsi du, “helburuak bete direlako”. Bataz beste, zortzi puntu eman dizkiote proiektuaren emaitzari.
Helbide bat ere jarri dute hiriko emakumeen eskura, hemen sakatuta idatz daiteke.