Aldundiarekin bildu da udala, autobus zerbitzu berriari aurkeztutako alegazioak aztertzeko
Joan den ekainean hainbat alegazio aurkeztu zituen udalak, aldundiaren aurreproiektuak "hondarribiarrei gaur egun eskaintzen zaizkien zerbitzuak murriztea dakarrela" uste baitu. Hainbat aldaketa proposatu dituzte.
Hondarribiko Udala aldundiarekin bildu berri da, erabilera orokorreko bidaiarien hiriarteko garraio erregularra emateko aurreproiektuari buruz udalak joan den ekainean aurkeztutako alegazioez hitz egiteko. Ekainean aldundiak aurreproiektu bat argitaratu zuen, eta hilabeteko epea ireki zuten edozeinek alegazioak egiteko, hori gogoratu dute udaleko iturriek. Udalak hainbat alegazio aurkeztu zituen orduan, izan ere, aurreproiektu horretan aurreikusitako hainbat aldaketek, “kasu batzuetan, hondarribiarrei gaur egun eskaintzen zaizkien zerbitzuak murriztea dakarrela” uste du udalak.
Aurkeztutako alegazio horien helburua autobus zerbitzua hobetzea dela dio udalak, zehazki, Hondarribia eta Donostia lotzen dituen E20a, autopistatik egiten duen E21a, herria eskualdeko ospitalearekin eta Txingudi merkataritza gunearekin lotzen duen E22a eta Irungo erdigunera doan E25 zerbitzuak hobetu nahi dituzte hain zuzen.
“Gogorarazi nahi dut E21 dela Donostiarekin Hondarribitik zuzenean joateko garraiobide bakarra, eta maiztasuna ordu erdiz behin handitzeko beharra azpimarratu nahi dugula”, esan du Juan Luis Silanes Mugikortasuneko zinegotziak. Horri lotuta erantsi du eskaera ugari jaso dituztela Mugikortasun Mahaitik, elkarteetatik eta herritarrengandik. Besteak beste, Ospitalean egunero gelditzeko eskatu dute alegazio horietan, E21 autobusaren edo beste baten bidez, “baina autobusez aldatu beharrik gabe”.
Era berean, Donostia kalea eta Sokoa ingurua hartzen duen autobusaren ibilbideari eusteko beharra ere nabarmendu du udalak elkarrizketa hauetan, izan ere, nabarmendu dute Hondarribiko biztanleriaren herena bizi dela inguru horretan, eta bi ikastetxe daudela bertan. “Ezin dira zerbitzurik gabe utzi”. Horregatik ibilbide hori ez etetea eskatu dute ere, eta egungo E25arekin zerbitzua mantentzea 15 minutuero, “eta ez soilik E27arekin, 30 minutuero egiten baitu”, esan du Silanesek.
Azkenik, eskerrak eman dizkiote aldundiari udalaren eskaerei erantzuteko izandako “jarrera onagatik”. Bileran “sintonia ona” sumatu dute udalekoek, eta espero dute aldundiak alegazioei erantzutea.