Gogor salatu dute larunbatean emakume batek jasandako bortxaketa
Hainbat herritar bildu dira gaur eguerdian San Juan plazan, azken eraso matxista salatzeko. Laguntza eta begikotasun osoa adierazi diote indarkeria matxistaren biktimari.
Joan den larunbatean Irunen bortxatutako emakumeari babesa adierazteko hainbat lagun bildu dira gaur eguerdian San Juan plazan, udalak deitutako elkarretaratzean. Laguntza eta begikotasun osoa adierazi diote indarkeria matxistaren biktimari eta haren ingurukoei. Gaurkoa “indarkeria sexistaren aurka agertzeko eta indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adierazteko” baliatu nahi izan dutela diote udaleko iturriek.
Jose Antonio Santano alkatearen arabera, “funtsezkoa da erakundeek eta, oro har, herritarrek elkarrekin eta aho batez gaitzestea horrelako erasoak, horrelako eraso deitoragarriak egiten dituztenak gaitzesteko eta isolatzeko saioa indartzeko. Denok elkarrekin indartsuagoak gara, horrelako basakeriei aurre egiten jarraitzeko.” Era berean, alkatea pozik agertu da ustezko erasotzailea atxilotu dutelako.