Aiako Harria ezagutzeko irteera proposatu die udalak irundarrei
Hilaren 20ean jarri dute hitzordua. Irungo Elurretxe aparkalekutik abiatu eta bi orduko ibilbidea egingo dute familiek.
Irungo Udaleko Garapen Iraunkorraren alorrak jarduera berri bat prestatu du hilaren 20a, larunbata, familian gozatzeko. Bi ordu inguruko irteera izango da.
Elurretxe aparkalekutik abiatuko dira parte hartzaileak, Irun berdea proposamenean jasoriko 3. ibilbidea burutzeko asmoz. Hitzorduaren hasieran, hainbat azalpen emango dira Aiako Harria Parke Naturalaren inguruko seinalizazioak ulertu ahal izateko. Horrez gain, XIX. mendera atzera egin eta zenbait gertakari historikoren berri ere emango diete adituek familiei.
Esan bezala, hilaren 20ean jarri dute hitzordua. 10:00etan abiatuko dira ibiltariak Elurretxe parkingetik, bi ordu inguruko iraupena izango duen abenturan. Mendi arropa eramateko aholkua eman dute, bai eta eguzkitako krema, txanoa, ura eta hamaiketakoak ere.
Parte hartu nahi duenak aurrez izena eman beharko du hilaren 18a baino lehen, hemen klik eginda bete beharko duen orrian.