Antzerkiak, azokak eta musikak osaturiko agenda
Datorren ostegunetik hilabete bukaerara bitarteko eskaintza izango dute eskura hondarribiar eta irundarrek.
Abuztuan kanpora joateko asmorik ez dutenentzat badago zeregina Irun eta Hondarribian. Horra hor kultur jarduera eta bestelako proposamen batzuk:
- Hilak 11, osteguna. Antzerkia. Irungo Juncal plazatxoan, txikienek Eureka! antzezlanaz gozatu ahal izango dute, Cau de L ‘Unicorn taldearen eskutik. 22:00etan hasiko da.
- Hilak 13, larunbata. Bilduma azoka. Bildumazaleek ezinbesteko hitzordua izango dute Irungo Zabaltza plazan, egun osoan zehar (10:00etatik 21:00etara).
- Hilak 19, 20 eta 21. Bidasoa Folk. Musika etniko, akustiko eta garaikidearen jaialdia, Irun, Hondarribia eta Hendaian. Aurten bost kontzertu izango dira kartelean. Maroko, Portugal, Galizia, Aragoi, Andaluzia eta Euskal Herritik etorritako musikariak izango dira Bidasoa Folk 2022 jaialdiaren protagonistak.
- Hilak 27, larunbata. Bertsolaritza. Hondarribiko Kasino Zaharrean bertso jaialdia ospatuko da Jon Maia, Angel Mari Peñagarikano, Eli Pagola edo Oihana Iguaran bezalako bertsolariekin. 20:00etan hasiko da.
Ekitaldi guztiei buruzko informazioa, Partzuergoaren webgunean.