Garraio publikoaren tarifari buruzko bi mozioak "bateratzeko" proposatu dio EAJk PSE-EEri
Jeltzaleek orain dela hiru aste aurkeztutako mozioa eta PSE-EEk berriki egindakoa "osagarriak" izan daitezkeela uste dute jeltzaleek. Bi mozioen eskaerak batzeko eskatu diote udal gobernuari.
Lurraldebus, Euskotren eta Renfeko tarifak Irunbusekoekin parekatzeko EAJ taldeak mozio bat erregistratu zuen duela hiru aste, “batetik bestera joateko erabiltzen den garraiobidea edozein dela ere, irundarrek, MUGI sistemaren barruan, beti tarifa bera ordaindu ditzaten”. Bada, aste honetan aldiz, PSE-EEk beste mozio alternatibo bat aurkeztu duela azaldu dute jeltzaleek.
“Bizi dugun egoera kontuan hartuta”, hurrengo bi urteetan tarifen prezioen izozketa mantentzeko adostasun batetara heltzeko premiaz aritu da EAJ. Horregatik, sozialistei “gure proposamenak batzeko” proposatu dute jeltzaleek. “Ikusten dugu sozialisten mozioa ez dela gurea bezalakoa, baina osagarriak izan daitezkeela iruditzen zaigu. Horregatik, bi mozioen eskaerak batuz, Irunen garraio publikoaren erabilera sustatzen dugula uste dugu, baita gehien behar duten irundarrei laguntzen diegula ere”. Sozialistek erantzun dute proposamen hori aztertuko dutela.