[Bideoa] Iritsi da Errege Magoen postaria Hondarribira
Haurren gutun bilketa egiteko helburuarekin bisitatu du postariak Hondarribia; Mendelun, Amute-Kostan, Alde Zaharrean eta auditoriumean geldialdiak egin ditu.
Errege Magoen postaria Hondarribian egon da gaur arratsaldean. Umeek idatzitako gutunak biltzea izan da bisitaren helburua. Eguraldiak gehiegi lagundu ez duen arren, dozenaka umek euren desioak helarazi dizkiete Errege Magoei modu horretan.
Pandemiak eragindako kutsatu kopurua medio, jende pilaketak ekiditea erabaki du, eta lau geldialdi egin ditu herrian: lehenak Mendelu eta Amute-Kosta auzo elkarteetan, ondoren udaletxeko atarian, eta azkena, Itsas Etxea Auditoriumean (Santa Maria Magdalenan egitekoa zen hori).
Bihar iritsiko dira, bestalde, Errege Magoak Hondarribira. Ez da harrera ezta desfilerik ere egingo, baina Jostaldi pilotalekuan bilduko dira herriko txikienekin. 15:00etatik aurrera izango dira erregeak frontoian, txandaka umeei harrera egiten. Hondarribiko Udalak atzo gogoratu zuenez, ezinbestekoa da gonbidapenak aldez aurretik Arma Plaza informazio gunean jasotzea.
Ondoko irudiak eta bideoak utzi ditu postariak Alde Zaharrean.