Kosta kalearen etorkizuna erabakitzeko bigarren tailerra egin dute
Atzo arratsaldean egin zuten Kosta kalearen inguruko bigarren saio parte hartzailea; abendurako iragarri dute hurrengo bilkura.
Kosta kalearen berrurbanizazioa erabakitzeko bigarren batzar parte hartzailea egin zuten atzo arratsaldean Hondarribiko Udaleko ordezkariek eta Amute-Kostako bizilagunek. Kosta kalea hobetzen izenpean, 30 bat lagunek parte hartu zuten saioan. Abendurako iragarri dute hirugarren bilkura.
Juan Luis Silanes Mugikortasun eta Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, Kosta kalearen berriritartzea erabakitzeko hainbat alternatiba aztertu zituzten parte hartzaileek, eta euren ikuspuntua aplikatuta, egoera hobetzeko proposamenak egin zituzten.
Irailaren 22an egin zuten udal arduradunek eta auzokideek lehen saio parte hartzailea. Egoera aztertzeko, eta kexak zein iradokizunak mahaigaineratzeko paseoa eman zuten bertan bildutako herritarrek. Horiek guztiak aintzat hartuta hainbat proposamen egin zituen udalak atzokoan.
Hori horrela, atzo jasotako ekarpenak “aztertu” eta “egokitzen” saiatuko direla ziurtatu du Silanesek, eta horiek abendurako aurreikusitako hitzorduan eztabaidatzea da helburua.
Kosta kalearen berrurbanizazioa herriko hamabi kale berriritartzeko proiektuaren baitan kokatzen da.