[Elkarrizketa] «Plataformen trena badoa, eta horri heltzeko funtsak behar dira»
‘Mundu guztiak espero duen estreinaldia’ lelopean aurkeztu zuten atzo Pantailak Euskaraz egitasmoa, Blagan elkartearen eskutik. Ikus-entzunezko euskarazko edukien eskasiak bultzatuta abiatu dute dinamika hainbat eragilek.
Zeintzuk dira Pantailak Euskaraz egitasmoaren nondik norakoak?
Batetik, ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalak gaude, tartean, Tinko elkarte banatzailea eta Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea; eta bestetik, herritar bultzada dago, Netflix Euskaraz, Disney+ Euskaraz, Zinemak Euskaraz eta Game Erauntsia taldeek osatua. Azken horiek sinadura bilketa dute martxan. Euskalgintzarekin lotura duen sare oso bat osatu dugu. Herri egitasmoa da Pantailak Euskaraz, sektorearen eta euskararen erabileraren ikuspegitik sortutakoa.
Zein da zuen kezka?
Kezka baino gehiago egiaztatutako gertaera bat da, eta azken hogei urtean gertatzen ari den zerbait da, gainera: euskarazko edukirik ez dagoela. Garaiak doazen bezala eta egondako sormen leherketarekin, pandemian konturatu gara zenbat ordu pasatzen ditugun pantailari begira, eta zer-nolako hutsunea dagoen. Era berean, ohartu gara hutsune hori bete gabe euskara normalizatzea ezinezkoa dela.
Bikoizketan aritzen garenok urteak daramagu garrasika hau salatzen, baina oso gutxi gara. Orain dela 25 urte Tinko sortu zenean, haurrek zinema euskaraz ikus zezaten jaio zen, eta pentsa, gaur egun oraindik ez da lortu. Egiteko dagoen hori herri mugimendu gisa bultzatzeko elkartu gara.
Larria da egoera?
Bai, oso. Euskal hiztuna baldin bazara eta zinema, telesailak… euskaraz ikusi nahi badituzu, hasi begiratzen zer dagoen. Ez hori bakarrik. Euskaraz dagoen pizar hori zaharkitua eta ia balio komertzialik ez duena da. Beste gakoetako bat da zer egon behar duen euskaraz. Ezin dizkiogu euskarari ukatu mundu guztian ikusten diren gauzak, eta milioika ikusle dituzten gauzak euskaraz ezin direla ikusi. Betiko dikotomia da: komertzialtasuna, hizkuntza politika, zein txikiak garen… Baina ez da egia. Diru kontu bat da, ez da hainbesteko dirua, eta gero eta txikiagoa da kopurua, gainera. Zergatik? Teknologien aldaketak edo plataformen sorrerak prezioen merketzea eragin dutelako.
EITB komunikabide publikoaren euskarazko eskaintza nola baloratzen duzue?
Lotsagarria da. Uste dut inork ez duela defendatzen EITBren ibilbidea, eta gutxiago alor honetan. Pentsa, komertzialki eta telebista publiko bezala, Espainian hain asimilatua dugun Telecinco imitatu du EITBk, batez ere, ETB1ek reality show-ak etengabe ekoizten, bi pezetako programak sortzen… Piztu Telebista saioa da ETBren estiloa. Euskararentzat horrek egon behar du? Bai, denetarik egon behar du, baina baita bestea ere: Disney, Eraztunen Jauna... 1995etik gutxi gorabehera ez dago euskarazko zinemarik ezta telesailik ere.
Eta sektore pribatuan zein da egoera?
Komertzialki ahalbiderik ez daukagu, eta euskaldun guztiok ikusiko bagenu ere ez gara multinazional batentzako mokadu bikaina. Baina Islandia ere ez da mokadu on bat, gureak baino hiztun gutxiago dituelako haien hizkuntzak. Halere, eduki guztiak islandieraz dituzte. Zergatik? Diru bat erabiltzen dutelako horretarako: batetik, enpresekin negoziatzen dute, eta bestetik, dirua jartzen dute. Eta kito, ez dago besterik.
Hemen luze eta zabal insistitu da horretan, baina ezer ere ez. Kataluniarrei ere izugarri begiratzen diegu, horri bultza egin diotelako. 20 urte pasa dituzte horretara dirua bideratzen, eta urtetik urtera diru sail handiagoak gainera. Euskal Herrian kontrakoa egin dute. Engainatu dituzte ikusleak eta euskaldunak, euskaraz ikusi nahi baldin bagenituen hemen sortuak izan behar zirelako. Horretarako pertsona bati mugikor bat eta 1.000 euro eman eta akabo. Ezer gutxi dauka egiteko 100 milioi dolarreko superprodukzio baten aurka, eta mundua azken horretatik doa.
Ekainean ikus-entzunezko kontseilua eratzea proposatu zenuten, eta Jaurlaritzak ezetz erantzun zuen.
Pantailak Euskaraz-en bazter ezinak diren hamar puntuko dekalogo bat prestatzen ari gara, eta horien artean dago ikus-entzunezko kontseilua, batez ere, EITBren kontrola ez zaigulako profesionala iruditzen. Europan oso hedatuak daude, eta kontseilua izateak hori konponduko luke, baina agintean daudenek ez dute ezer egin nahi.
Zeintzuk dira zuen eskakizun nagusiak?
Euskaraz edukiak egon daitezela, eta horretarako egin beharrekoa egitea. Ez da zaila enpresa ekoizle edo banatzaile handiekin esertzea, eta irizpideen araberako kuota bat negoziatzea. Horretarako kontseilu bat oso interesgarria izango litzateke berak egingo lukeelako aukeraketa. Aurten euskaraz ekoizteko 200.000 euro inbertituko dira, haur txikiei bideratutako edukiak sortzeko. Generalitateak, bere aldetik, 6 milioi euro jarri ditu; erdibideko zerbait egongo da, ez?
Ikuspegi profesionala dugunok oso argi dugu benetako irismena plataformetan dagoela, eta ez zinema aretoetan. Euskara hor jarri behar da. Pantailak Euskaraz horregatik jaio da, plataformen trena badoalako, eta horri heltzeko funtsak behar direlako. Bide berriak irekitzeko puntuan gaude.