Hondarribiko Campusa sortzea aztertuko du parke teknologikoen administrazio kontseiluak
Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak Zubieta lursailean Hondarribiko Campusa sortzeko proposamena eta bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa hartu du.

Zubietan Hondarribiko Campusa sortzea aztertuko dute.
Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko administrazio kontseiluak Hondarribiko Campusa sortzeko proposamena aztertuko du, Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez. Miramon Parke Teknologikoaren zabalpena Zubietan izan dadin bilkura egin zuten orain bi aste inplikatutako instuituzioek. Orain, proiektua eta bideragarritasuna aztertzeko konpromisoa hartu du parke teknologikoen sareak 2021-2024 Plan Estrategikoaren baitan aurreikusi duenez.
“Gure ustez Miramongo eta Galarretako campusei gehituko litzaiekeen dentsitate txikiko enpresa gune teknologikorako kokapen baldintza egokiak jasotzen ditu Zubietak”, adierazi du Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak. Sareak Hondarribiko kokapena aztertzea asebete du hautetsia.
Tokiko gobernuaren proposamenak hainbat erreakzio eragin ditu bi aste hauetan: lehena, Irungo EAJren udal taldearena, zeinak proiektua txalotu zuen; bigarrena, Hondarribiko PSE-EEren udal taldearena izan zen, proposamena “harriduraz” hartu zuela adieraziz; azkena, Abotsanitz Herri Batzarrarenak proiektuaren “garrantzia estrategikoa” nabarmendu zuen.