"Arrakastatsua" iritzi dio Abotsanitzek 'Kosta kalea hobetzen' prozesuaren hasierari
Mugikortasunaren Astearean baitan lehen parte hartze tailerra eta "ibilbide kritikoa" egin zituzten asteazken arratsaldean.
“Arrakastatsutzat” jo du Abotsanitz Herri Batzarrak Kosta kalea hobetzen dinamikaren hasiera, ohar baten bidez jakinarazi duenez. Europako Mugikortasunaren Astearen baitan antolatu du udalak eremu horretaz hausnartzeko lehen parte hartze tailerra eta ibilbide “kritikoa”. Udal taldearen arabera, 50 bat lagunek parte hartu zuten hitzorduan.
Abotsanitzek jarraitu duenez, tailerra gidatu zuten arduradunek dinamikan zehar bildutako irizpide eta proposamenekin aurreproiektua osatzea dela helburua adierazi zuten. Ildo horretan, dokumentua abendua-urtarrila aldera egongo dela prest zehaztu zuten, Hondarribiko hamabi kale asfaltatzeko kanpainan txertatua izan dadin.
Hala, parte hartze tailerraren balorazio “oso ona” egin arren, “kezka” agertu du aldi berean herri batzarrak Gonzalo Carrion Obra zinegotziak “ibilbide kritikoaren” bukaeran egindako adierazpenarengatik. Izan ere, Abotsanitzen arabera, udal hautetsiak “parte hartze prozesua bukatu baino lehen hasiko direla obrak” adierazi zuen, “eta ondoren txertatuko dela parte hartze prozesuan adostutakoa. Baina hori ezinezkoa da. Zergatik? Bada proiektu bat esleitu eta gero ezin zaiolako aldaketa estrukturalik egin proiektu horri”.
Hori horrela, eskari zuzena helarazi dio udal taldeak EAJren gobernu taldeari: “Parte-hartze proiektua burutu dezala, bertatik ateratako aurreproiektua asfaltatze kanpainaren proiektuan txertatu dezala, eta, ondoren esleitu dezala obra”.