Alfonso Sastre idazlea zendu da
Bart gauean hil da aktibista, 95 urte zituela. Literatur obra luze baten itzala utzi du haren pausuen atzean Sastrek.
Alfonso Sastre idazle, editore, dramaturgo, saiakeragile, eta gidoigilea bart gauean hil da 95 urte zituela. Madrilen jaio zen 1926ko otsailaren 20an, baina 1970eko hamarkadaren bukaeran haren bikotekide Eva Forest (Bartzelona, 1928ko apirilak 6 – Hondarribia, 2007ko maiatzak 19) idazlearekin batera Hondarribian finkatu zuen bere bizilekua.
Botere politikoek isilarazitako literatur obra luze baten egilea izan da Sastre. «Baztertu naute eta hutsune horren erdian nago ni», adierazi zuen haren omenez antolatutako azken ekitaldiko bideoan. Aurtengo otsailean egin zuen Alfonso eta Evaren Lagunak taldeak inoiz argia ikusi ez zuen Zutoin beltza antzezlanaren emanaldia. Sastrek ezin izan zuen zuzenean omenaldian parte hartu adinak hala baldintzatuta, baina haren burua arin zebilela erakutsi zuen hitzaren bitartez.
Ibilbidea
Frankismoaren etengabeko salaketak lehenbizi, eta ezker abertzalearekiko konpromisoak ondoren, markatu zuten Sastreren ibilbide profesional, sozial eta politikoa. Hain zuzen, konpromiso horregatik gutxienez hirutan atxilotu zuten idazlea: 1956an frankismoaren aurkako protesta batean; 1974an, ETArekin kolaboratzeaz akusatua; eta 1980an, ETAko komando bat ezkutatzea egotzita. Atxiloketek, hala ere, ez zuten haren aktibismoarekin bukatzea lortu.
Alfonso Sastreren obraren itzala luzea bezain emankorra da. Konpromisoz eta aktibismoz beteta, injustizien eta eskubideen urraketen bozgorailu ozena izan da haren ekarpena, isil ezina.
Alfonso Sastreri elkarrizketa (2013/01/11): «Krisialdia antzerkigintzan lan egiten dugunon haztegia da»