Eskuz-lan Bidasoko artisauen elkartea jaio da
Bidasoaldeko hamazazpi artisauk osatzen dute elkartea momentuz; igandean egingo den Herri Giroa jaialdian parte hartuko dute.
Bidasoaldeko artisauak bildu nahi dituen Eskuz-lan elkartea jaio da. «Artisau talde bat sortzeko beharraren ondorioz» sortu dela azaldu dute, «artea eta artisautza garatu nahi duten artisauak bateratuz, gure helburua artisau sorkuntza sustatzea eta zabaltzea izanik» . Dagoeneko, hamazazpi artisauk proiektuarekin bat egin dutela zehaztu dute. Erantsi dutenez, abuztuaren 1ean, igandearekin, egingo den Herri Giroa artisau azokan parte hartuko dute Kasino Zaharrean, 10:30etik aurrera.
Zabaldutako informazioaren arabera, webgunea ere abiatu du Eskuz-lan elkarteak. Bertan, bazkide guztien sorkuntzak sustatzeaz gain, herritar orok «gure merkatu, ekitaldi eta lantegi guztiak ezagutzeko». Ildo horretan, eskulangintza gizarteratzeko gazte zein helduei zuzendutako tailerrak iragarri dituzte.
«Artea eta artisautza bizimodu bideragarri bihurtzeko aukera» sustatu nahi du, halaber, elkarteak. Azkenik, sormena lantzera deitu dute herritar oro, «denen artean plataforma egokia sortuz, artisautza eta artea bere alderdi eta modalitate guztietan zabaldu eta laguntzeko».