Mugikortasun ordenantza bozkatuko du udalbatzak etzi
2020ko Kontu Orokorra, asfaltatze eta berriritartze kanpaina, Anttoni Etxeberria plaza izendatzea, eta Taupadak GKErentzat larrialdi diru laguntza bozkatuko dituzte, besteak beste, osteguneko ezohiko osoko bilkuran.
Hondarribiko Udalbatzak etzi egingo duen ezohiko osoko bilkuraren berri emateko agerraldia egin dute gaur goizean EAJren udal gobernuko kideek udaletxeko areto nagusian. Txomin Sagarzazu alkatea, Juan Luis Silanes Ingurumen eta Mugikortasun, eta Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun zinegotziek lagunduta, udalbatzarrera eramango dituzten gai nagusien inguruan mintzatu da.
Hamahiru puntu jorratuko ditu udalbatzak etziko batzarrean. Horien artean, 2020ko Kontu Orokorra eta udal eraikinen garbiketa plegua nabarmendu ditu alkateak. Erantsi duenez, ekaineko osoko bilkuran onartutako asfaltatze eta berrurbanizatze kanpaina berriz ere bozkatu du, halaber, udalbatzak. Hasierako dokumentuan «akats bat» zegoela-eta eraman behar dutela berriro plenora zehaztu du.
Silanesek hartu du hitza ondoren. Mugikortasun ordenantza eramango du osoko bilkurara hautetsiak: «Hilabeteak daramatzagu ezinbestekoa dela uste dugun proiektu honetan lanean. Mugikortasun Mahaian 2020ko irailean aurkeztu genuen, hainbat hobekuntza eta ekarpen jaso ziren bertan, eta gero, urte bereko abenduan lehen zirriborroa aurkeztu zen. Orain lehen onarpenera eramango dugu udalbatzara, eta onartzen baldin bada, 30 egunez esposizio publikoan egon beharko da». Besteak beste, «mugikortasun iraunkorraren alde egitea, bide segurtasuna areagotzea, ingurumenarekiko errespetua bultzatzea eta pertsona guztien joan etorriak bermatzea» dira ordenantzaren helburuak, Silanesek zehaztu duenez.
Azkenik Larrarteren txanda iritsi da. Amute auzoko Kaputxinoen parean kokatutako plaza Anttoni Etxeberria enparantza izan dadin proposamena aurkeztuko duela udal gobernuak ezagutarazi du zinegotziak. Emeki elkarteak kale izendegian emakumeen presentzia bermatzeko egindako ekarpenen harira eramango du Berdintasun zinegotziak aldaketa proposamena udalbatzarrera.
Horrez gain, Taupadak gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) 1.500 euroko larrialdi diru laguntza izenduna jasotzeko proposamena ezagutarazi du hautetsiak. Koronabirusak San Ignacio de Moxosen (Bolivia) eragindako ondorio eta beharrak arintzeko mediku tresneria, botikak, osasun materiala… eskuratzeko diru laguntza jasoko luke era horretan Irungo GKEak.