Ostalaritza eta ostatatze enpresei zuzendutako diru laguntzak aurkeztu ditu udalak
Itxeki Hondarribia planaren baitan onartutako bigarren diru laguntza lerroa da aurkeztutakoa; ezarritako irizpideen arabera, 7.000 euro jasoko dituzte enpresek gehienez.
Ostalariei eta ostatatze enpresei bideratutako diru laguntza lerro berria onartu du Hondarribiko Udalak. Hala jakinarazi dute gaur goizean Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano Sustapen Ekonomikorako zinegotziak prentsa aurrean egindako agerraldian. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, hilabete izango dute interesdunek eskaera egiteko.
Zabaldutako informazioaren arabera, Hondarribian kokatutako 100 eta 120 enpresek eskatu ahal izango dute diru laguntza. Guztira, 422.000 euroko diru saila onartu du udal gobernuak zerbitzu enpresak laguntzeko. Serranok zehaztu duenez, bi irizpide nagusi ezarri dituzte: «Alde batetik, 2021. urterako onartutako bide publikoa okupatzeko tasaren salbuespenaren onura jaso duten eta ez dutenen artean laguntza ezberdinak izango dira, eta beste alde batetik, langile kopurua kontuan hartu dugu». Hori horrela, gehienez, 7.000 euro jaso ahal izango dituzte eskatzaileek.
Serranok nabarmendu duenez, «lankidetza giro onean» eman da, nahiz eta sektorea «tentsio handiarekin» lan egiten ari dela onartu duen. Ildo horretan, laguntzei «behar beharrezkoak» iritzi die hautetsiak. Erantsi duenez, «bateragarriak dira beste diru laguntzekin».