Euskal presoen alde mobilizatzera deitu dute igandean
«Salbuespen espetxe politikari stop» esateko helburuarekin, euskal presoen eskubideen alde hondartzetan protesta egingo dute aurten ere.
Euskal presoen alde mobilizatuko dira abuztuaren 1ean, igandearekin, 12:00etan. Urtero bezala hondartzara eramango dute protesta, eta beraz, aparkalekuan finkatu dute hitzordua. «Salbuespen espetxe politikari stop» esango diote ozen manifestariek. Euskal Herriko hamazazpi hondartzetan deitu dituzte mobilizazioak.
Presoen aldeko Hondarribiko sostengu taldeak adierazi duenez, oraindik «147 preso politiko ditugu Euskal Herriko periferiako espetxeetan, bai estatu espainiarrean, bai frantsesean ere». Horietatik, hemeretzi «gaixotasun larri eta sendaezinak» dituztela gogoratu dute. Halaber, 70 urtetik gorako bederatzi euskal preso daudela salatu dute, «tartean, Jakes Esnal eta Jon Kepa Parto, duela 31 urte espetxean daudela, eta Joseba Arregi duela 30». Jarraitu dutenez, «Espainian dauden 50 presori baino gehiagori ez zaie Frantziako espetxeetan egindako kondenaren denbora zenbatu».
Ildo horretan, hirurogei lagunek 2021. urtean zehar kondenaren hiru laurdenak beteko dutela oroitarazi dute, «eta espetxea uzteko eskubidea dute». Gainera, «33 erbesteratuen eta zortzi deportatuen itzulera erraztu behar da». Azkenik, Espainian, 7/2003 Lege Organikoaren bitartez kondenatutako hirurogei presoentzat «zigorrak berrikusteko mekanismoak» aldarrikatu dituzte «biziarteko» zigorra baita.