Bandera lortu du Ama Guadalupekoak Castro Urdialesen
Larunbateko estropada irabazi du gizonen eskifaiak; emakumeak azkenak izan dira bi egunetan, eta B trainerua bigarren sailkatu da asteburuan jokatutako bandera bakarrean.
Hondarribiko Arraun Elkarteko gizonen traineruak garaipena eskuratu zuen larunbatean jokatutako IX. Caixabank Banderan Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia). 20.25,96 denbora eginda irabazi zuten lehia berdeek. Atzo, bestalde, hirugarren sailkatu zen Ama Guadalupekoa Lekeition (Bizkaia), 20.47,88 marka eskuratu ondoren. Sailkapenaren bigarren lekuan dago momentu honetan gizonen trainerua.
Emakumeen eskifaia bere aldetik, azken postuan sailkatu zen larunbatean Castro Urdialesen eta atzo Lekeition. Irabazletik 9 segundora bukatu zituen bi estropadak, 11.40,52 eta 11.04,40 markekin, hurrenez hurren. Sailkapen orokorraren hirugarren postutik azkenera jaitsi dira berdeak.
Azkenik, B trainerua bigarrena izan zen larunbatean jokatutako Errenteria Hiria VIII. Ikurrinan, 21.11,22 denbora eskuratuta. Sailkapen nagusiaren hirugarren postuan dago uneotan gizonen bigarren eskifaia.