Ekonomia Zirkularreko Estrategia abiatu du Bidasoa Bizirik-ek
Irungo eta Hondarribiko enpresa sarearen "lehiakortasuna sustatzen jarraitzea" eta eredu "zirkularrago" baterantz joatea dira helburu nagusiak.
Bidasoaldeko Ekonomia Zirkularreko Estrategia martxan jarri duela jakinarazi du gaur Bidasoa Bizirik garapen agentziak. Irungo eta Hondarribiko “enpresa sarearen lehiakortasuna sustazen jarraitzea” eta ekonomia “zirkularrago” baterantz egitea du helburu Bidasoa Bizirik-ek abiatutako estrategiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak sare sozioekonomikoa eskualde ikuspegiaren ekarpenaren bidez suspertzeko programaren bitartez garatu zuen Bidasoko agentziak azterketa. Bertan, Europako eta Eusko Jaurlaritzako estrategiez gain, Irungo eta Hondarribiko egoera zein den aztertu eta ekintza plana prestatu du Bidasoa Bizirik-ek.
Ekonomia zirkularra bultzatzeko “helburu estrategikoak eta ekintza ildoak” bildu ditu garapen agentziak lanketa horretan: “Bertan sakon aztertzen dira gure lurraldean lehentasuna duten hiru jarduera sektoreak, hala nola, plastikoa eta kautxua, metala eta ekipo elektrikoak, eta nekazaritza elikagaiak”.
Hori horrela, ekonomia zirkularra txertatzen joateko hainbat gako eman ditu Bidasoa Bizirik-ek, hala nola: “Enpresak sortzeko aholkularitza eta tutoretza eskaintzea; egoitza Bidasoan duten enpresa sortu berrientzako mentoring programa bat garatzea; eta enpresak sortzeko oinarrizko prestakuntza eskaintzea”.