Aniztasun funtzionala dutenentzako aparkalekuen erabilera hobetu nahi du udalak
Ordenantza araudi berrira egokitu nahi du udalak, "bai aniztasun funtzionala duten pertsonentzako aparkatzeko tokiak ematerakoan hobeto kontrolatzeko, bai plaza generikoak eta izendunak behar bezala erabiltzen direla kontrolatzeko". Uztaileko osoko bilkuran aztertuko dute proposamena.
Uztaileko oso bilkuran aniztasun funtzionala duten pertsonentzako aparkatzeko txartela eta erreserba bereziak arautzen dituen udal ordenantza aldatzeko proposamena aztertuko du Udabatzak, hala jakinarazi berri du Monica Martinez ordezkariak.
“Aldaketa honen bidez, ordenantza araudi berrira egokitu nahi da, bai desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko tokiak ematerakoan hobeto kontrolatzeko, bai plaza generikoak eta izendunak behar bezala erabiltzen direla kontrolatzeko. Kasu batzuetan ikusi dugu erabilera ez dela egokia izaten ari; ekarpenak ere jaso ditugu, eta, hala ere,helburu nagusia da espazio horiek benetan behar dutenek erabiltzea”, esan du ordezkariak gaur Elkartu Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazioko Koordinatzaileekin batera eskaini duen agerraldian.
Aldaketaren helburua ordenantza eguneratzea dela azaldu du, dagokion Errege Dekretuaren alderdiak kontuan hartuta, eta dauden bi aparkaleku moten erabilera hobetzeko aldaketak proposatzen ditu. Alde batetik, erabilera izenduneko plazak daude (hauek titularrak bakarrik erabil ditzake, aldez aurretik eskatuta), eta bestetik, aparkatzeko erreserba generikoak, aniztasun funtzionala dutenentzako aparkatzeko txartela duen edozein titularrek erabiltzeko pentsatutakoak.
Ordenantzaren aldaketak bere egiten ditu Errege Dekretuak berekin dakartzan berritasunak, haien artean zamalanak egiteko guneetan gehienez 60 minutuz aparkatzeko aukera eta aparkamendu arautuko guneetan tiketa atera eta gehienez 60 minutuz aparkatzeko aukera. Aukera hauek erabiltzeko beti dagokion txartela agerian jarri beharko da ibilgailuaren barruan.
Ordezkariak gaineratu duenez, aldian-aldian aniztasun funtzionala dutenek aparkatzeko tokiak behar bezala erabiltzen direla kontrolatzeko Udaltzaingoak egiten dituen kanpainen barruan, egiaztatu dute izendun tokien kopuru jakin bat ez dela jarraituki edo erregulartasunez erabiltzen, hau da, “hutsik dagoela ia beti”. Horregatik ordenantzak aldaketak egingo ditu horrelako tokiak esleitzeko prozesuan: izendun tokia eskatzearekin batera, hura erregulartasunez erabiltzeko beharra duela egiaztatu beharko dute titularrek eta horretarako ordenantzak ezartzen dituen eskakizunak betetzen dituztela justifikatu beharko dute.
Honez gain, plaza izenduna eskuratzeko aukera emango zaie txartelaren titularra izan eta 12 edo 13 puntuko mugikortasuna edo B graduko mugikortasuna ezarrita dutenei ere. Orain arte ordea, A graduko pertsonentzat izan da bakarrik, hau da, mugitzeko gurpil aulkia behar dutenentzako.
Azkenik, erabilera generikoko plazei dagokienez, hauetan ere Udaltzaingoak ikusi du mugikortasun urriko pertsonentzako aparkatzeko plaza asko txartelaren titular batek bakarrik betetzen dituela zenbait egunez jarraian, eta hala, plaza hori erabiltzeko aukera kentzen dietela aparkatzeko txartel berezia dutenei. Horregatik, soilik 24 orduz aparkatu ahalko du jarraian txartel berak TAO plaza berean. Gainera eremuetan berriz, 72 orduko muga izango da. Ordutik aurrera, txartel horrekin ezingo da berriro toki horretan aparkatu 12 ordu igaro arte. “Helburua da aparkaleku horien erabilera txandakakoagoa izatea eta aparkatzeko txartel mota horren titularrek aukera izatea aparkatzeko plaza horiek ere erabiltzeko”, erantsi du Martinezek.