Asteburutik asteburura, bikoiztu egin dira COVID-19aren tasak Irunen eta Hondarribian
Joan berri den aste bukaeran 157 positibo atzeman dituzte Irunen eta beste 36 Hondarribian. Irungo tasa 1.000tik gorakoa da.
Hilaren 9tik 11rako asteburuan 155 COVID-19 positibo jaso ziren Irunen eta Hondarribian. Bukatu berri denean, berriz, 193ra iritsi da zifra hori. Horietatik 157 Irunen jasotakoak dira, 36 Hondarribian.
Asteburuko, nahiz joan den asteko positibo andanaren eraginez, bi herrietako tasak asko handitu dira, bikoizteraino. Beheko zerrendan, Irungo eta Hondarribiko egoera epidemiologikoa, zenbakietan.
- Irun. Tasa: 1.053 (hilaren 11ko igandean 556koa zen). Positiboak (ostirala-larunbata-igandea): 40-46-71.
- Hondarribia. Tasa: 853 (hilaren 11ko igandean 412koa zen). Positiboak (ostirala-larunbata-igandea): 15-5-16.