"Emaitza edozein izanda ere, historia egin dute Irungo kirolean”
Aurki Tokioko Olinpiar jokoetan ariko diren Teresa Errandonea, Ander Elosegi eta Julen Aginagalde irundarrek udalaren babesa jaso dute.
Tokioko Olinpiar Jokoetan ariko diren irundarrek udalaren babesa jaso berri dute. Borja Olazabal ordezkariak mezu bat bidali die gaur Teresa Errandonea, Ander Elosegi eta Julen Aginagalderi.
“Harrotzeko modukoa da hiriarentzat, hiru kirolari izatea Joko Olinpiko hauetan.
Munduko zorterik onena eta adorea opa diegu, lehiatzen direnerako. Ez da batere
erraza honaino iristea, eta lan handia egin beharra dago. Emaitza edozein izanda ere,
historia egin dute Irungo kirolean”, esan du Olazabalek.
Errandonearentzat lehenengo jokoak izango dira aurtengoak, betiko ametsa beteko du. BATen aritzen den atleta Espainiako txapeldun izan ondoren eskuratu du Tokiorako txartela. Egun, Euskadiko errekorra du irundarrak, eta Espainiako garai guztietako hirugarren marka onena du, hesietako 60 metroko proban. Hilaren 31tik aurrera hesietako 110 metrokoan ariko da.
Elosegik, aldiz, laugarren aldia izango du Joko Olinpikoetan. Orain arte hiru diploma olinpiko lortu ditu. Egun Santiagotarrak klubean aritzen da. Jokoetako lehen kanporaketa hilaren 25ean jokatuko ditu.
Bidasoa eskubaloi taldeko Julen Aginagalde bigarrenez ariko da jokoetan. 2012an Londresen aritu zen, eta zazpigarren amaitu zuen Espainiako selekzioak. Pibotak hilaren 24an hasiko du lehia.