[Elkarrizketa] «Normalena da iraganarekin harreman gatazkatsua izatea»
‘Gogoan dut’ oroitzapen bilduma aurkezten ari da hondarribiarra egun hauetan Bidasoan. Oroimenarekin jolastu, eta hamaika sentimendu eragiteko gaitasuna agerian uzten du lanak.
![Hasierako ariketa oroitzapenen arteko joko bihurtu zen azkenean ‘Gogoan dut’ bilduman [Irudia: Núria Juan Serrahima].](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2021/07/aritz-_galarraga.jpg)
Gogoan dut oroitzapen bildumak, tarteka, konfesio sorta dirudi. Nola sortu zen proiektu hau?
Proiektuak hasiera batean ez zuen liburu forma hartzeko asmorik. Ariketa bat bezala hasi nuen liburu hau. Irakurrita daukat Joe Brainard artista estatubatuarraren oroitzapen liburu bat, oso bitxia. Oroitzapen bakoitza egitura berberarekin hasten zen, ingelesez, I remember [Gogoan dut]. Oso erakargarria egin zitzaidan bere momentuan. Orduan ariketa moduan hasi nintzen nire oroimenetan hazka egin eta ea zer topa nezakeen, oroitzapenak apuntatzen, baina printzipioz, inolako asmorik gabe, material bat pilatu gero agian beste zerbaiterako erabiltzeko. Baina halako batean ikusi nuen oroitzapenek hartu zutela bolumen bat eta haien artean bazeudela jolasak eta horrelako elkarrizketa modukoak, eta batak tiratzen zuela bestetik. Orduan hasi nintzen pentsatzen liburu formatua eta beste lanketa literario bat ematea, eta inkluso aurkeztea, zergatik ez? Ariketa modura hasi nuen gauza bat liburu ikusi nuen momentu batetik aurrera.
Zure bizitzako etapa ezberdinei buruz ari zara liburuan, familia, lagunak, harremanak, sexua, desioak eta penak partekatuz. Nolakoa izan da oroitzapen horiek guztiak berriz ere lehen planora ekartzea?
Ariketa ez da bereziki mingarria izan, eta horrekin oso pozik nago. Normalena da nor bere iraganarekin harreman gatazkatsua izatea, nik neuk ere nire oroimenarekin, noski. Normalena hori izaten da, eta oroitzapen batzuk agian min gehiago ematen dute beste batzuk poz gehiago eragiten duten moduan. Denetarik egoten da, baina momentu batetik aurrera ariketa bat izan da. Ez dakit lan literario bezala planteatu izanak oroitzapenak distantzia afektibo pixka batekin ikustea ekarri ote duen, eta beraz, ez izatea prozesu bereziki mingarria edo traumatikoa. Gainera, material hori ere moldatu behar nuen, eta hori askotan gertatu zait. Agian oroitzapen bat zuretzat oso inportantea izan daitekeena eta etengabe errepikatzen duzuna zure buruan, gero paperean jartzen duzu eta ez du funtzionatzen, azken batean ez delako soilik oroitzapen zerrenda edo segida soil bat, gero liburu bat osatu nahi nuelako oroitzapen horiekin guztiekin.
Barreak, malkoak, enpatia eta agian momentu jakinen batean ere gorrotoa eragiten duzu irakurlearengan. Hori da helburua?
Bai, beti. Idazten duen guztiak zer edo zer esan nahi dio irakurleari eta baita eragin ere. Testu batek uzten bazaitu irakurri aurretik bezala seinale txarra da. Zer eragin behar zuen liburu honek irakurlearengan? Hori ez dut bilatu. Oroitzapenak botatzen joan naiz, irakurle batek edo besteak modu batera edo bestera ulertuko du, eta bere baitan ere sentsazio diferenteak sentituko ditu, zeresanik ez irakurle batetik bestera. Baina, bai, idazten dugun guztiarekin bilatzen dugu zer edo zer mugitzea behintzat irakurlearengan, eta hori ez bada pasatzen, seinale txarra, ziurrenik ez duzula asmatu. Ez da ariketa egoista bat nik nire bizitza oso interesgarria aurkitzen dudalako, baizik eta gehiago interesatzen zaidalako irakurlearen memoria aktibatzea eta martxan jartzea, eta hori, zorionez, jende askok esan dit. Liburua irakurrita berari ere pizten diola gogoa, ez bakarrik oroitzeko, inkluso oroitzapen horiek apuntatzen hasteko ere. Hori baino lore politagorik ez dut uste dagoenik.
Feedback positiboa da oso.
Bai, bai. Azken batean material sentsiblearekin ari gara, memoriarekin eta ez dira akaso garairik onenak memoriari kasu egiteko. Hain azkar doa dena, eta hain azkar goaz gu ere, alde batetik bestera… Nik uste dut memoriak eskatzen duela beste patxada bat, eta tira, agian halako irakurketek hori ahalbidetzen badute, bada primeran. Ezer hoberik.
Oroitzapen bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Zaila! Seguru asko momentuaren arabera, baina liburua ixten duena ez da txarra, aurretik irakurri dugun guztia irakurrita ere. Gogoan dut onena iristear dagoela azken oroitzapen horrek ate bat irekita uzten dio esperantzari, eta etorriko dena ona izango den esperantzari. Beraz, horrekin geratuko nintzateke: onena iristear dagoela.