Kai berrian jasotako hondakinen gaineko analisia plazaratu du 'Mater'-ek
'Zero zabor uretan' kanpainaren harira beira, plastikoak, sokak, zigarro puntak... bildu dituzte arrantza portuaren itsas hondoan, gainazalean eta lurrean.

Arrantza portuko itsas hondotik jasotako hondakinak [Irudia: ‘Mater’].
Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak hilaren 2tik 4ra bitartean bisitatu du Hondarribiko arrantza portua Zero zabor uretan sentsibilizazio kanpaina gizarteratzeko helburuarekin. Horren baitan egin zuten kai berrian zeuden hondakinen bilketa. Itsas hondoan, ur gainazalean eta lurrean gehien jasotako hondakinen zerrenda ezagutarazi dute orain Mater-eko boluntarioek.
Zabaldutako datuen arabera, itsas hondoan jaso dituzte hondakin pisutsuenak 3,72 kilogramorekin. Guztira, 46 item jaso dituzte, tartean, beira, latak, plastikoak, sokak…. zeudelarik. Ur gainazalean, bestalde, 1,5 kilogramo zabor bildu dute, bereziki 0 eta 50 zentimetro arteko plastikoak eta sokak; hamazazpi izan dira uraren gainazalean bildutako itemak. Azkenik, lurrean jasotako 78 hondakinak plastiko eta zigarro puntaz osatuta zeuden bereziki; 0,58 kilogramoko pisua zuten.