'Ez da ez' kanta berria estreinatuko du Marmokak gaur eguerdian
2016. urteko sanferminetako talde bortxaketan oinarritutako abestia da talde hondarribiarrak gaur ezagutaraziko duena.
Ez da ez abesti berria estreinatuko du Marmoka musika taldeak gaur, 12:00etan, sare sozialetan. 2016. urteko sanferminetako talde bortxaketa du hizpide kanta berriak. Taldekideek adierazi dutenez, «salaketarako» kanta da gaur estreinatuko dutena.
«Zalapartatsua bezain gordina izan zen kasu hura gure egunerokotasunean ematen baita etenik gabe; taldekako edo banako sexu erasoek ez dute etenik», azaldu dute. Areago, «hauxe da pairatzen ari garen eta etenik ez duen pandemia, izurrite estrukturala».
Ez da ez abestia 2020. urteko etxealdi garaian idatzi eta aurregrabatu zuen taldeak, eta aurtengo maiatzean, birgrabatu eta egokitu duela gaineratu du. Ane Odriozola musikariak kolaboratu du Marmokaren azken kantan.
Bertan ikus daiteke Marmokaren azken kantaren estreinaldia.