Bihar zabalduko dituzte San Martzial-Txingudiko igerilekuak
Gehienez 175 lagunentzako tokia egongo da, hortaz, aldez aurretik hitzordua hartu beharko dute irundarrek.
Bihartik (hilak 7) San Martzial-Txingudi igerilekuez gozatzeko aukera izango dute irundarrek. Igerilekuekin batera, teniseko lau pista eta padeleko hiru zelaiak ere zabalduko dituzte.
Irekiera pandemiagatik ezarritako neurrietara moldatu dute. Hala, bi txandatan ahalko da bertaratu: goizez (11:00-15:15) eta arratsaldez (16:15-20:30). Gehienez 175 lagunentzako tokia egongo da, eta honakoak izango dira aurtengo prezioak: helduek 2,20 euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek aldiz, 1,80.
Instalazioak erabiltzeko aldez aurretik hitzordua hartu beharko da, esteka honetan.
Aurten ere Irunbusek igerilekuetara joateko zerbitzua indartuko du. Ordu erdiro abiatuko da L-3 autobusa Fermin Calbeton kaletik, goizeko 10:30etik aurrera. Azkeneko zerbitzua 21:00etan izango da.