Asier Suberbiolak Iñigo Muguruza bekaren emaitza argitaratu du
Bereziki musika eskoletako eta kontserbatorioetako irakasleei zuzendutako lana da. "Material erakargarri eta berria" eskaintzen du, Muguruza partaide izan zen Kortatu, Negu Gorriak edo Joxe Ripiau taldeen abesti ospetsuetatik abiatuta.
Iñigo Muguruza bekaren lehen edizioko garaile Asier Suberbiolak jada bekaren emaitza argitaratu du. Gaur bertan aurkeztu dute argitalpena egileak berak, Jose Antonio Santano alkateak, Musika Eskolako eta Kontserbatorioko lehendakari Santi Jimenezek eta zendutako musikariaren anai Jabier Muguruzak.
“Lehen edizio honen bidez, udalak omenaldia egin nahi dio artista irundar ezagunari, bere ibilbideagatik eta musikan egindako ekarpenagatik. Iñigo Muguruzaren izena euskal musikaren erreferente bat izango da beti, eta bere jardunean ezagutua ere bai Euskadin nahiz Euskaditik kanpo. Hiriko irakasle gisa ere, onarpena izan zuen, eta arrastoa ere utzi zuen. Beka honek dagoeneko baditu lehen emaitzak, eta aukera emango du ikerketa sustatzeko eta bere ondarea belaunaldi berriei ezagutzera emateko”, esan du lehenik alkateak.
Suberbiolaren lanak musika sormena eta inprobisazioa sustatu eta garatzeko aukera ematen duela azaldu dute gaurkoan. Musika eskoletako eta kontserbatorioetako irakasleei zuzendutako lana da, baina gaineratu dute edonolako musika tresna jotzen dutenentzat ere baliagarria dela. “Material erakargarri eta berria” eskaintzen duela erantsi dute, Muguruza partaide izan zen Kortatu, Negu Gorriak edo Joxe Ripiau taldeen abesti ospetsuetatik abiatuta. Esaterako, Akatsa sistemetan, Batzuk Babilonia, En la linea del frente edo Gora Herria abestiak jaso ditu, orotara, berrogei.
Jimenezek nabarmendu du lan honek “interes handia” piztu duela jada, eta Euskadiko Musika Eskolen Elkarteak edo Kataluniako eta Espainiako Estatuko beste erakunde ugarik eskuratzeko eskaera egin dutela.