'Erosi eta ikasi' programaren zortzigarren edizioa, martxan
Dagoeneko eska daitezke eskolako materiala erosteko diru laguntzak. 200.000 euro bideratuko dituzte aurten programara.
Uztaila honetan abiatuko dute eskolako materiala hiriko saltokietan erosteko xedez sortutako ‘Erosi eta ikasi’ programaren diru laguntzen deialdia. Gaurtik irailaren 30era bitarte eska daitezke.
Hezkuntza saileko Santi Jimenezen arabera, “ikasturtea amaitu berri bada ere, dagoeneko hurrengoan pentsatzen ari gara eta horregatik ireki dugu eskaerak egiteko epea, familiak antolatzen joan daitezen eta era horretan tramiteak garaiz egin ahal izan ditzaten. Beti harrera ona izaten duten laguntzak dira eta eskolara
itzultzerakoan sortzen diren gastuei aurre egiteko laguntza garrantzitsuak direla iruditzen zaigu”. Aurrekontuari dagokionez, 200.000 euro bideratuko dituzte programara.
Egindako erosketen fakturak gorde behar direla nabarmendu du ordezkariak. Uda honetako programa Irunen erroldatutako umeen gurasoei bideratuko dute, LH eta DBHko ikasleentzat.
Honako gastuei aurre egiteko jasoko dute familiek dirua: idazteko materialak, suntsikorrak edo ez suntsikorrak, hala nola koadernoak, orriak eta abar, sailkagailuak, estutxeak, kalkulagailuak, konpasak, bizkar-zorroak, testu-liburuak eta abar. Ikastetxeetako uniformeak edo Hezkuntza Fisikorako arropa zein oinetakoak, eskulanetako elementuak, Arte Hezkuntza, Hezkuntza Plastikoa eta Bisuala, Teknologiak edo Musika (argizariak, olioak, margoak, pintzelak). Hori bai, guztiak Irungo saltokietan edo ikastetxeetan erosi beharko dira, eta aurten musukoak eta hidrogelak ere sartuko dituzte bertan.
Diru laguntzak emateko hiru tarte ezarri dituzte, errentaren araberakoak. Hala, laguntzak 125, 100 edo 75 eurokoak izango dira.
Eskaerak esteka honetan egin beharko dira.