[Galeria] Sare Konpontzaileen omenezko plaza izango du Hondarribiak aurrerantzean
San Pedro egunarekin bat eginez Hermandade pareko plazatxoan ekitaldia burutu dute gaur eguerdian Hondarribiko Udalak, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiak, Emekik eta sare konpontzaileek.
Ez da merezitako aitortza izango baina omenaldi txikia jaso dute gaur Hondarribiko sare konpontzaileek. Hermandade pareko eremua Sare Konpontzaileen plaza izango da aurrerantzean, kofradia parean, itsasgizonekin batera dagokion lekuan.
San Pedro egunarekin batera erabaki dute aurrera eramatea omenaldia. Bertan izan dira Hondarribiko Udaleko ordezkariak Txomin Sagarzazu alkatea buru zutela, eta Done Pedro Itsasgizonen Kofradiako patroiak Norberto Emazabel Abade Nagusiari jarraituz. Haiekin batera, Emeki emakumeen elkarteko kideak izan dira, Tzane Carrillo ordezkariarekin, zeinak kale izendegiaren parekidetasunaz hausnartzeko azterlana bultzatu zuten.
Eta nola ez, sare konpontzaileek parte hartu dute errekonozimenduan. Banan-banan jaso dituzte kofradiak emandako loreak. Pilar Goikoetxea sare konpontzaile aitzindaria eskertuta agertu da izendapenarekin. Itsasgizonen lana ez bezala, itsasemakumeen isilpeko lana azaleratu nahi izan dute ekitaldian. Are gehiago, sareak konpontzen laguntzen zuten emakume “jubilatuak” gogoan ere izan ditu Goikoetxeak, inoiz ez baitute haien lanarengatik errekonozimendurik jaso: “Ze poza eta ze laguntza ematen zuten”.
Dozenaka lagun gerturatu dira ekitaldia ikustera. Begirada konplizeak eta besarkada hunkigarriak izan dira senar-emazte eta aita-alaben artean. Aurrerantzean, Sare Konpontzaileen omenezko plaza izango du Hondarribiak.
Ekitaldiak utzitako irudi sorta da ondokoa.